Hiru egunen faltan, dena prest San Joan jaiei ongi etorria egiteko
Ostiralean hasi eta ekainaren 25era arte luzatuko dira Segurako jai nagusiak. Azken urteetan ez bezala, txosnagunea izango da aurten frontoi zaharrean.
Zopa pertza plazako balkoian iaz, jaiei hasierako emateko prest.Josune Zarandona Ostiralean hasi eta datorren ekainaren 25era arte San Joan jaiak ospatuko dituzte Seguran. Dagoeneko dena prest dago, eta ostiral arratsaldean Zopa pertza plazako balkoitik noiz jaitsiko daude segurarrak. 19:00etan izango da eta jaiei hasiera emango dien pregoiarekin lehertuko da festa. Pregoia irakurtzeko ardura, aurten 70 urte bete dituen Segura Irratiko lan taldeak izango du.
Orokorrean, herriko ohitura eta tradizioarekin jarraituz, «jai ederrak» antolatu dituzte jai eta txosna batzordeekin elkarlanean. Mozorrotuen eguna izango da lehena eta aurten, jubilatu elkartzeko kideak arituko dira epaile lanetan. Ekainaren 21ean, Haurren eguneko krosa eta jolasak LH6. mailako ikasleek antolatuko dituzte. Ohitura denez, San Joan sua egingo dute ekainaren 23an, herri akelarrearekin batera «oso berezia» izaten den ekintza.
Gazteak bueltan
Azkeneko urteetan ez bezala, txosnagunea jarriko dute aurten frontoi zaharrean. Musika kontzertuak izango dira ia egunero eta ekainaren 21eko helduen danborrada antolatzeko ardura ere hartu dute beren gain. Gaineran, ekainaren 20an, larunbatean, herri bazkaria ere antolatuko dute lehenengoz Kuadrillen egunean. Dagoeneko adin ezberdinetako 250 bat lagunek eman dute izena.
Batukada, elektrotxaranga eta txarangak ia egunero izango dira jaietan, eguerdian zein arratsaldean. Herriko musikariek ere izango dute presentzia, ekainaren 23an herriko Balantza taldeak kontzertua eskainiko du gauean eta Arriet Elortza segurarra Iñaki Labakarekin arituko da baterian, jaietako azken egunean.
Iaz lehenengo aldiz egin ziren eta arrakasta izan zuten bi ekintza ere errepikatuko dituzte aurten. San Joan eguneko bertso saioan, Maddalen Arzallus eta Sebastian Lizaso arituko dira 13:00etan plazan. Herriko bi bertsolari izango dituzte gai jartzen: Eneko Araiztegi eta Jon Iturrioz. Jaiak itxiko dituen herri afaria eta ondorengo bingoa ere iaz egin zituzten lehenengoz, «izugarrizko arraskata» izan zuen eta ondorioz, aurten errepikatu egingo dute.
Zazpi egunez luzatuko diren San Joan jaiei Zopa pertzaren kalejirak eta igoerak eta agur zaratatsuak emango diote amaiera ekainaren 25ean. Ordura arte jaiez gozatzeko aukerarik ez dute faltako Seguran.
Ikusi egitaraua osorik hemen.
Segura Irratiko ahotsak izango dira San Joan jaien iragarle, aurten
1956ko apirilaren 2an zabaldu zen uhinetan lehenengoz Segura Irratiaren ahotsa. Ordutik 70 urte pasa dira, eta urteurren borobil honen aitzakian, Segura Irratiko lan taldeak izango du aurten, San Joan jaiei hasiera emango dien pregoia irakurtzeko ardura.
Komunikatzeko eta informazioa jasotzeko moduak erabat aldatu eta irauli diren garaiotan, 70 urtez uhinetan irautea ez da marka makala. «Urte guzti hauetan Segura Irratiak jakin du tokatu zaion testuinguru eta garaietara egokitzen eta eguneratzen», dio Olatz Etxeberria Segura Irratiko langileak. Eta horretan diraute orain ere, teknologia berriak eta sare sozialak dira, bere iritziz, aurrera begira dituzten «erronka potoloak».
Segura Irratia irrati bat baino gehiago da, «herriaren isla da. Gure hizkuntza, ohiturak eta istorioak zabaldu ditu urteetan zehar. Belaunaldi ezberdinak batu ditu eta sakotan, bakarrik sentitzen zenari lagundu dio». Horregatik, entzule fidelak izan ditu eta ditu oraindik Segura Irratiak: «Etxeko irratia da oraindik, askorentzat».
Entzuleak ez ezik, egunerokoan gai ezberdinak jorratzeko duten kolaboratzaile sarea ere irratiaren familiaren parte da, «irratia ez da gaur dena izango beraien babes eta kolaboraziorik gabe», azpimarratu du Etxeberriak. Horiek guztiak eta urte hauetan guztietan irratiaren ahotsa izan diren lankide ohiak ere izango dituzte gogoan pregoiaren unean, urte mordoxka batean irratian lan egin zuen eta orain 11 urte jubilatu zen Mariaje Telleria balkoian izango da. «Zuei esker, Segura Irratia bizirik dago, eta ziur gaude etorkizunean beste modu batera bada ere, gurekin jarraituko duela, gure istorioak kontatzen eta gure ahotsak entzunarazten» idatzi du jaietako egitarauan Etxeberriak.
Gaur egun, hiru lankidek osatzen dute irratiko lantaldea, baina gainera, «Lierni Elortzak asteazkenero jarraitzen du Ordiziako azokako kronika egiten eta asteburuetan ere beste lankide bat aritzen da», azaldu du. Pregoia botatzeko ardura «ilusio handiz» jaso dute irratian Etxeberriak esan duenez, «70 urte ez dira egunero betetzen, bizirik jarraitzen duen irrati bat da gurea eta oztopoen gainetik hemen gaude oraindik. Ardura baino gehiago ohore bat da», amaitu du.













