Ordizia Zabalik diru laguntzetan, 42.000 euro
Ordiziako Udalak 42.000 euroko aurrekontua bideratu du 2026an. Ordizia Zabalik diru laguntza programaren hamabigarren deialdiaren bitartez herriko merkataritza eta ekonomia sustatzen jarraitzea da udalaren helburua.
Gaur eguerdian egin dute aurtengo edizioaren aurkezpena. Izaro Villarreal Martxan da Ordizia Zabalik laguntza-programaren hamabigarren deialdia, udalerriko lokal hutsak berreskuratzea, belaunaldi-erreleboa erraztea eta ekintzailetza sustatzea helburu dituena. Azken urteetako diru partidarik handiena bideratuko du aurtengoan udalak: 42.000 euro. Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago eta ekainaren 30a izango da horretarako azken eguna. Herriko merkataritza eta ekonomia sustatzen jarraitzea da udalaren asmo nagusia.
Gero eta ekintzaile gehiago
Maitane Alvarez alkateordeak azpimarratu duenez, azken urteetako parte-hartzaile kopuruan hazkuntza eman da: “Azken urteetan 70 ekintzaile baino gehiago batu dira laguntza-programara, eta sustatutako proiektuen jarraipen-tasa %75ekoa izan da”.
Aurtengo deialdian, aurreko urteetan laguntza jaso izan duten hainbat establezimenduk programan parte hartzen jarraituko dutela ere jakinarazi du, hala nola Serendipity Moda, TK Pilates, Garage Project, MAE Estetika, Goxo-Goxo kafetegia, IMZ Moda eta Kiska taberna. Horiez gain, aurtengo edizioan beste 15 establezimendu inguruk ere parte hartuko dutela aurreratu du udalak.
Diru laguntza hauek ekintzaileei lokalaren alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzeko erabiltzen dira, eta baita lokala erostearen kasuan katastro-balioaren %4an laguntzeko ere, gehienez, 300 euro. “Alokairuaren kasuan, laguntza hori gehienez ere bi urtez jaso ahal izango dute ekintzaileek, 2026ko urtarriletik aurrerako atzeraeraginezko izaerarekin”, azaldu du Alvarezek.
Izen ematea zabalik
Gainerakoan, alkateordeak izena emateko dei egin die programan parte hartzeko interesa izan dezaketen ekintzaile guztiei: “Gure herriko merkataritza, ostalaritza, saltoki eta zerbitzuak biziberritzen jarraitzeko izena eman dezaten animatzen ditut herritarrak, gure herrian eskaintza ahalik eta zabalena izan dezagun”.













