Itsasondoarrek dena prest dute garagardo azokarako
Ostiralean Ines Osinagaren kontzertua izango da, 20:00etan.
Iazko garagardo azoka Itsasondon.Itsasondoko Udala. Garagardo azoka izango da ekainaren 19an, 20an eta 23an Itsasondon, Arbelaitz elkarteak antolatuta. Festa, jana, musika eta edariak aurkitu ahal izango dira asteburuan Errota pilotalekuko garagardotegi berezian. Iker Mendizabal antolakuntzako kideak azaldu du hamalau urte igaro direla aurreneko garagardotegia jarri zutenetik: «Elkartean egindako obra handi bat diruz laguntzeko asmoz erabaki genuen antolatzea; eskuzabalik hartu zen herrian, eta ordutik, urtero egin izan dugu».
Ostiralean 18:00etan zabalduko ditu ateak baina irekiera ez da nolanahikoa izango. Azken urteetan ohikoa bihurtu da udalaren ekimenez plazara artistaren bat edo beste ekartzea, arratsaldeko ekinaldia eta afal aurreko giroa musika doinuez apaintzeko. Mendizabalen hitzetan, «antolakuntzak eskertzen du azken urteetako ahalegin hori».
Aurtengoan, Ines Osinaga musikaria izango da herriko plazan, 20:00etan hasita. Iluntzera arte iraungo du festak, eta 00:00etara bitarte, hamabi garagardo ezberdin dastatzeko aukera izango dute herritarrek: alemaniarrak, belgiarrak, euskaldunak… eta edanaz gain, jatekoa ere izango da aukeran, besteak beste, ukondoa, saltxitxak, solomoa eta postrea. «Ukondoak bertan erretzen ditugu eta kargarik handiena elkarteko zuzendaritzak hartzen duen arren, bazkideek eta herriko partikularrek ere bolondres lanak egiten dituzte», dio Mendizabalek.
23an, taberna soilik
San Joan bezperan, dena den, ekainaren 23an, taberna soilik egongo da zabalik, eta ezingo da afaltzeko tarterik hartu. Gainerakoan, antolatzaileek pilotalekura gerturatzeko, garagardoaz gozatzeko eta herri ekimenean parte hartzeko deia egin die herritarrei.












