Ordiziako San Jose egoitzak grebalari bat kaleratu duela salatu dute langileek
Lanorduetan murrizketak egiteko asmoa ere azaldu du egoitza kudeatzen duen Zaintzen-Clece enpresak. Kaleratzea atzera botatzea eta enplegua bermatzea exijitu dute langileek. Manifestazioa deitu dute datorren asterako.
Joan den astean San Jose egoitza kudeatzen duen Zaintzen-Clece enpresak grebalari bat kaleratu zuela salatzeko, hartutako erabakia atzera botatzeko eta enplegua bermatzea exijitzeko elkartu dira gaur dozenaka langile Ordiziako udaletxearen aurrean. Ana Merchan ELAko delegatuak hartu du hitza, eta azaldu duenez, arrazoi organizatiboak argudiatuta kaleratu zuten langilea: “Enpresak erabili duen argudio nagusia da langile gehiegi dagoela, eta lan baldintzen gainean aldaketak egingo dituela ere iragarri du”.
Ordiziako San Jose egoitzan 70 bat langilek lan egiten dute, ia denak emakumeak. Egoitza publikoa da, Foru Aldundiko organismo autonomoa duen KABIA erakundearena, baina azpikontratatuta dute eta Zaintzen-Clece enpresak kudeatzen du.
145 greba egun beteta
Otsailetik daramate langileek greba mugagabean, eta 145 greba egun bete dituzte soldata arrakala eta kontratuen gaineko prekarietatea ezabatuko duen hitzarmen duinaren alde borrokan. Ahaleginak ahalegin, ordea, enpresak langileekin negoziatzeko izan duen borondate eza salatu dute: “Greba egun guzti hauetan ez da eseri langileek eskatzen dutena negoziatzera, eta orain, kaleratzeak edo murrizketen arteko aukera egitearen xantaia jarri digute mahai gainean”.
ELA sindikatuak garbi azaldu du hitzarmenaren alde borrokan dabiltzan langileak “alekzionatu, gutxitu eta zerbitzua nabarmen okertuko duen” erabakia izan dela: “Oso larritzat jotzen dugu gertatutakoa, bai langileen eskubideen ikuspegitik eta baita egoiliarren arretaren aldetik ere”.
Ardura eta erantzukizuna
Zentzu horretan, udalari zein KABIA foru organismoari ardura eta erantzukizuna har dezaten eskatu diete langileek. “Udalari, enplegua eta zerbitzua defendatzeko ekimen politikoa eskatu diogu, eta foru organismoari, berriz, ardura hartu eta enpresari zerbitzuaren baldintza guztiak betearazi eta berehala kaleratzea zein murrizketen bidea atzera botatzea”, nabarmendu du Merchanek.
Bitartean, borrokan segiko dutela defendatu, eta datorren ekainaren 25ean, osteguna, mobilizatzeko deia zabaldu dute. Izan ere, manifestazioa deitu dute Ordizian, arratsaldeko 18:00etan, udaletxetik hasita, eta bertan parte hartzera deitu dituzte langile, egoiliarren senide, herritar eta eragile sozialak.
Argazkiak: Izaro Villarreal













