Legazpiko Udalak kirol teknikaria eta kontu hartzailea behar ditu aldi baterako
Lanbiden eman behar da izena. Gaur da kontu hartzailearen posturako azken eguna, eta bihar, kirol teknikariarena. Kontratuen iraupena urte betetik hiru urtera bitartekoa izango da bi kasuetan.
Legazpiko Udalak kontu hartzaile bat eta kirol teknikari bat behar ditu aldi baterako. Lanbiden eman behar dute izena interesatuek, eta gaur ekainak 22 da kontu hartzailearen lanposturako azken eguna, eta bihar, ekainak 23, kirol teknikariarena. Udalaren www.legazpi.eus webgunetik ere eman daiteke izena.
Kontu hartzaileak ekonomia, finantza eta aurrekontu kudeaketaren barne fiskalizazioa kontrolatzeko eta gauzatzeko ardura izango du. Kirol teknikariak, dagokion arduradun politikoarekin batera, bere ardurapeko unitatearen planak eta aurrekontuak egin beharko ditu, besteak beste.
Deialdian parte hartu nahi duten hautagaiek nahitaez lan eskaintzan adierazitako lizentziatura edo gradua izan behar dute, eta euskarazko 4. Hizkuntza Eskakizuna (PL4) edo horren baliokidea. Gainera, esperientzia baloratuko da.
Kontratua aldi baterako izango da, urtebete eta hiru urte bitarteko iraupenarekin. Lan-ordutegia goizez izango da, 07:30etik 14:46ra.













