Beasaingo Zaintza Ekosistemaren aurkezpena bertan behera gelditu da alarma gorriaren ondorioz
Bihar asteazkena egin behar zuen udalak, baina muturreko beroaldiagatik atzeratu egin du. Data aurrerago zehaztuko du.
Bi pertsona heldu Beasainen.Ariane Vierbücher Nola elkar zaindu nahi dugu Beasainen? izenburupean, etorkizunean zaintzaren gaiari heldu nahi dio Beasaingo Udalak, eta horretarako Beasaingo Zaintza Ekosistema sortzeko prozesu parte-hartzailea jarriko du abian. “Herriak dituen berezitasunetatik eta bere izaera propiotik abiatuta, zaintza herritar guztien eskubide bilakatzeko” lanketa egin nahi du. Bihar asteazkena egin behar zuen udalak aurkezpena, baina muturreko beroaldiagatik bertan behera gelditu da.
“Erabakia muturreko beroaldiak eta iragarritako tenperatura altuek eragindako alarma gorriaren ondorioz hartu da. Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Planak (LABI) mota honetako alerta egoeretarako ezarritako baldintza eta segurtasun-gomendio zorrotzak jarraituz, barruko zein kanpoko ekitaldi publikoak mugatzea edo bertan behera uztea dagokio, herritarren osotasuna babesteko”, azaldu du.
Zaintzaren “erronka” herritar guztiei zabaltzea da prozesuaren helburua: “Ekimen honek argi utzi nahi du erronka ez dela udalarena soilik; zaintza eredu berria guztiona eta guztiontzat da. Horregatik, herritarren, elkarteen eta eragileen inplikazioa eta parte-hartze aktiboa funtsezkoak izango dira herri zaintzaileago bat diseinatzeko”.
Komunitateak “lagunkoiak eta inklusiboak ez direnean, pertsona zaurgarrien eskubideak urratzeko arriskua handitu” egiten dela nabarmendu du udalak, eta hori saihesteko “pertsonarengan oinarritutako ikuspegia” izango du ardatz proiektuak. “Helburua da ingurune fisikoa egokitzeaz gain, harreman-sareak eta zerbitzu-sistemak ere indartzea, herritar guztien bizi-proiektuak bermatu eta babestuko dituen Beasain eraikitzeko”.
Leire Artola alkateak irekiko du dagokionean aurkezpen ekitaldia, proiektuaren beharrezkotasuna nabarmentzeko. Ondoren, Matia Institutuko ordezkariaren azalpena izango da. Proiektuaren gakoak, esparru teorikoa eta lan-lerro nagusiak azalduko dituzte adituek. Herritarrek galderak eta kezkak agertzeko tartea izango dute.
Beasaingo zaintza eredua marrazten hasteko lehen ariketa kolektiboa izango dela azaldu du udalak, eta horregatik herritarrak deitu ditu parte hartzera. Aurrerago zehaztuko dituzte data eta ordutegi berriak.













