San Jose egoitzaren kudeaketarekin "kezka" azaldu du Ordiziako Udalak
San Jose egoitzak kaleratutako langileari «babesa» azaldu, eta aldundiari herritarren kexak ikertzea zein Zaintzen-Clece enpresarekin sinatutako kontratua berrikustea eskatu dio udalak. Osteguneko mobilizaziora batu dira.
Ordiziako Udalak «kezka» agertu du San Jose egoitzan azken denboran eman diren gertakariengatik, eta egoitzaren bilakaeraren berri emateaz gain, joan den ekainaren 11n egoitza kudeatzen duen Zaintzen-Clece enpresak kaleratu zuen langilearen kasua testuinguru zabalago batean kokatu du. Adur Ezenarro alkateak hartu du hitza, baina udal gobernua osatzen duten gainerako kideak ere izan dira. Babesa adierazi dute kaleratutako grebalariarekin eta langileek deitu dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Kudeaketaren erabakiak
Udal gobernuaren arabera, kaleratzea azken urtetan egoitzaren kudeaketan hartutako erabakiek sortutako kezken ondorioetako bat izan da. Ezenarrok gogorarazi du San Jose egoitza udal titulartasunekoa izan zela 2018ra arte, baina gizarte zerbitzuen eskumenen berrantolaketaren ondorioz Kabia fundazioaren esku geratu zen. Pandemia etorri zen ondoren, eta egoerak eragindako «triskantza» gogoratu du alkateak: «Egoitza hustu eta egoiliarrak sakabanatu behar izan genituen».
Egokitzapen lan batzuk ere egin behar izan zituzten, eta lanen ostean, 72 plazako egoitza izatetik 58 plazakoa izatera pasa zen. Hala ere, egun eskaintzen dituen plaza kopurua hori baino murritzagoa da: 18 plaza osasun mentaleko erabiltzaileentzat gordetzen dira, eta beste 9 plaza, berriz, ‘arnas plaza’ gisa erabiltzen dira. Ondorioz, 58 plazatik 31 baino ez dira gaur egun adinekoentzako erabilgarri. Hartara, familia askok beste udalerri batzuetako egoitzetara jo behar izaten dutela ziurtatu du Ezenarrok.
Ordiziako Udalak salatu du baliabide horien banaketa ez dela «modu orekatuan» egiten: «Zerbitzuak garrantzitsuak dira, baina ez dugu ulertzen arnas plazak zergatik eskaintzen diren soilik Donostian eta Ordizian. Modu ekitatiboan banatu beharko lirateke lurraldeko egoitzen artean».
Egoeraren inguruko azalpenak eskatzeko, Maite Peña diputatuarekin bildu ziren joan zen ekainaren 5ean, eta epe luzera begira plan horien antolaketa berrikusteko asmoa zegoela adierazi zitzaien arren, Ezenarrok azaldu du oraingoz ez dutela «konpromiso zehatzik» jaso.
Herritarren kexak
Iazko azarotik, Kabia fundazioak egindako lizitazio berri baten ondoren, egoitzaren kudeaketa Zaintzen-Clece enpresaren esku geratu da, eta horrek ere «eragin zuzena» izan du: «Aldaketa horrek ekarri du zuzendaritza eta bestelako ardura-postu nagusi batzuk azpikontratatutako enpresako langileen esku geratzea». Aurreko ereduan, berriz, postu horietako batzuk udalaren menpeko langileek betetzen zituzten.
Udalak jakinarazi du «hainbat kexa» jaso izan dituztela langileen eta familien aldetik: sukalde-jangela zerbitzuaren ingurukoak, berogailuaren erabileraren ingurukoak, eta zaintza-ratioak murrizteko asmoarekin lotutakoak. Azken horri lotuta, udalak gogorarazi du ekainaren 5eko bileran jakinarazi zitzaiela enpresak «atzera» egin zuela ratioak murrizteko asmoan, baina sei egun beranduago, hamar urte baino gehiago lanean zeraman langile bat kaleratu zuen, antza egoitzan langile gehiegi dagoela argudiatuta. Horrek «areagotu» egin du udalaren kezka.
Langileari babesa
Ordiziako Udalak «babesa eta elkartasuna» adierazi dizkio kaleratutako langileari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio egoitzaren inguruan jasotako kexa guztiak «sakon» ikertzeko. Era berean, Zaintzen-Clece enpresarekin sinatutako kontratua berrikusteko aukera aztertzea galdegin du.













