Bikuña kiroldegik igerileku txikia arratsaldez ere irekiko dute datozen egunetan
Bihar, eta hurrengo asteko astelehenean eta asteartean 13:00etatik 17:00etara ere zabalik egongo da.
Bikuña kiroldegiko igerileku txikiak ordutegia luzatu du bihar ostirala, eta hurrengo asteko astelehenean eta asteartean. Azken egunetako beroaren ondorioz udalak hartutako erabakia da.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, urte hasieran onartutako egutegiaren arabera, igerileku txiki hau itxita egon behar zen arratsaldez, eta langileen txandak ere horrela zeuden antolatuta. Baina egun hauetako tenperatura altuak ikusita, ordutegia berrikusi dute eta gutxienez hiru egunez luzatzea lortu dute, lau ordu gehiago. Horrela, hilaren 26an, 29an eta 30ean 13:00etatik 17:00etara ere zabalik jarraituko du.
Aldiz, asteburuan ezinezkoa izan da luzapen hori gauzatzea. Azaldu dutenez, zerbitzua esleituta duen enpresak zailtasun handiak izan ditu sorosleen egutegiak epe laburrean moldatzeko edota pertsonal berria lortzeko. Kontratazioak egiteko ezintasun honen arrazoi nagusia 2026ko urtarrilaren 1ean 8/2022 Legea indarrean sartu izana dela gehitu dute. Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko legea da, eta horren arabera, sorosleek titulazio ofizialak izan behar dituzte, eta orain arte onartzen ziren diploma eta ziurtagiri ez-ofizialek balioa galdu dute. Aldaketa horren eraginez, “lanerako prest zeuden sorosle asko aukerarik gabe geratu dira, eta erakunde gehienek zailtasunak dituzte titulu ofizialdun sorosleak kontratatzeko, lan merkatua soroslerik gabe geratu baita”.
Osasun Saila agindu berri bat prestatzen ari da egoera hori zuzentzeko, “baina neurri hori ez da izango uztaila baino lehen”.













