Emotio abesbatzaren 10. urteurreneko kontzertua, berezietan bereziena
Ordiziako Emotio taldeak kontzertu berezia eskainiko du larunbatean, 20:15ean, elizan. Dohainik da.
Emotio abesbatza. Ordiziako Emotio taldea hamargarren urteurrena ospatzen ari da aurten eta larunbatean, 20:15ean, kontzertu berezia eskainiko dute Ordiziako elizan. Emotioko kideen esanetan, “zentzu guztietan” izango da berezia larunbateko kontzertua.
Debora Herrero Soldevilla zuzendariak aurreratu duenez, musikari dagokionean, Javier Bustok idatzi eta taldeari eskainitako Maitearen izenak obra estreinatuko dute. Euskal kantutegiko abesti herrikoiak ere abestuko dituzte: Xalbadorren heriotzean, Nere herriko, Txoria txori eta Axuri beltza (Javier Bustok egokitua).
Obra erlijiosoei ere egingo diete tokia: Xabier Sarasolaren Pater Noster, Josu Elberdinen Beata es Virgo Maria eta Franciso Soto de Langaren Benedite il signore. Obra polifoniko garaikideetan, Eva Ugalderen Airea, Javier Bustoren Goizero eta Jay Althousen Cantar.
Debora Herreroren zuzendaritzapean ariko dira kantari Emotioko abeslariak, eta lagun izango dituzte Amaia Dorronsoro pianoarekin, Olatz Amozarrain zeharkako xirularekin, Jesus Maria Andres y Helene Andres perkusio ezberdinekin, eta Intza Eskisabel eta Olaia Arin dantzariak.
Jantziak
Kontzerturako Irune Mujika ordiziar diseinatzailearen IMZ markako arropak jantziko dituzte. Oso pozik daude emaitzarekin, “luxu handia izan da, Irunek bere diseinuan soiltasuna, dotoretasuna eta freskotasuna islatu baititu”.
10 urteetako kantariak
2026a, ospakizun urtea
Ospakizun urtea izaten ari da 2026a Emotio taldearentzat, “oso intentsoa eta aberasgarria”. Maiatzean Irlandara joan ziren, Corkeko nazioarteko jaialdian parte hartzeko.
Bestalde, urte amaierarako, beste bi hitzordu dituzte Emotiokoek: azaroaren 29an, Ordiziako Barroko Aire zikloan Magnicicat abestuko dute Easo Sinfonietarekin, eta Eguberrietan, Ormaiztegiko Urmaiz abesbatzarekin abestuko dute.
Esker on gehiago
Esker on hitz gehiago ere badituzte Emotiokoek, Ordiziako Udalarentzat, Ordiziako Parrokiarentzat eta Esteban Munilla apaizarentzat, Orkli kooperatibarentzat eta Arizmendi Gaztentzat.













