Erraldoien eta buruhandien festa eguna izango da larunbata
Legazpiko konpartsak egun osoko egitaraua prestatu du, musika kalejirak eta afari eta guzti.
Legazpiko erraldoien konpartsak egun osoko festa ospatuko du larunbatean, eta legazpiar guztiak gonbidatu bat egitera. Legazpiko Erraldoi Konpartsaren hirugarren Eguna izango da. Aurreko bi edizioen arrakasta ikusita, aurten ere ospatuko dute.
Goiz eta arratsaldez izango dira ekitaldiak, eta erraldoiak eta buruhandiak ez ezik, izango ditu protagonista gehiago, musikariak batez ere. Afaria ere prestatu dute.
Egun osoko festa
Festa 09:30ean hasiko da, goiz eresiekin, eta 11:00etan izango du jarraipena. Ordu horretan aterako dira kalera erraldoiak eta buruhandiak, Bikuñatik eta Santikutz egoitzatik,.
Goizeko kalejirak amaituta, arratsaldean musikaren txanda izango da, eta 18:30ean Xaukena elektrotxarangak kalejira abiatuko du.
Gauerako afaria dute prestatuta. 22:00etan hasita, Kale Nagusian egingo dute, Gurrutxaga tabernan eskatutako ogitartekoekin. Gaur da enkarguak egiteko azken eguna. Tabernan bertan egin behar dira. Ogitartekoa 6 euro izango da.
Festak afalostean jarraituko du. 23:30ean, Larrain Dantza herrikoia egingo dute Kale Nagusian, eta 00:00etan beste musika saio bat hasiko da, Ustekabe txarangarekin. Kalejiran ibiliko dira musikariak erdigunean, erraldoiei eta buruhandiei eskainitako festari amaiera ematen.













