Zumarragako gazteek, Hitzakide harpidetza doan
Zumarragako Udalak eta Goierriko Hedabideak-ek elkarlan hitzarmen berri bat jarri dute martxan. Oraingo hau 17, 18 eta 19 urteko gazteei zuzenduta dago, eta helburua udalerrian euskararen erabilera sustatzen jarraitzea da. Programa horri esker, Zumarragako Udalarekin harremana euskaraz izan nahi dituzten gazteek Goierriko Hitzaren Hitzakide harpidetza digitala doan eskuratu ahal izango dute urtebetez.
Horrela, tokiko administrazioarekin dituzten harremanetan euskara erabiltzea aukeratzen duten gazteek doako harpidetza izango dute 2026ko uztailaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitartean.
Hitzakide harpidetzari esker, parte-hartzaileek tokiko eta eskualdeko gaurkotasun albisteak ezagutu, zozketetan parte hartu eta hemeroteka kontsultatu ahal izango dute, besteak beste. Zerbitzuari buruzko informazio guztia GOIERRIKO HITZAren webgunean dago eskuragarri.
Ekimen horren bidez, Zumarragako Udalak euskara sustatzeko konpromisoa indartu nahi du, eta herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzen jarraitu nahi du. Halaber, gazteek helburu horretan duten funtsezko zeregina nabarmendu nahi du.
Udalak gutuna bidali zien 17, 18 eta 19 urteko guztiei gonbidapena luzatuz. Izena emateko epea hilaren 15ean itxi zen eta 11 lagunek eman dute izena.













