Goierri osoa LGTBIQ+ kolektiboaren harrotasun egunarekin bat
Igandea da LGTBIQ+ Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren eguna. Adierazpen instituzionalak eta banderak, nonahi zabalduko dira egun hauetan. Hainbat herritan ekitaldi bereziak antolatu dituzte.
Igartza jauregia LGTBIQ+ kolektiboaren koloreekin argiztatuta.Juantxo Unanue Ekainaren 28a LGTBIQ+ kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren eguna da, eta Goierrin oihartzun zabala izango du. Ospakizunerako, memoriarako eta aldarrikapenerako eguna izango da, eta goierritarrek LGTBIQ+ kolektiboak egindako bidea aitortzeko baliatuko dute. Aldi berean, gizartean dagoen aniztasunari ikusgarritasuna emango diote, eta pertsona askoren eta mugimendu sozialen ahaleginari esker lortutako eskubideak defendatuko dituzte.
Eskualde osora zabalduko dira aldarrikapenak eta aitortzak, bereziki adierazpen instituzionalen bidez eta udaletxeetako balkoiak LGTBIQ+ banderekin apainduta, baina herri batzuetan ekitaldi bereziak ere antolatu dituzte.
ATAUN
Ataunen Xerka foto-kazetaritza proiektuaren inguruan gauzatu dituzte harrotasunaren egunaren inguruko ekitaldiak. Atzo, euskal landa eremuan queer izatea eta euskaraz bizitzea posible dela zabaldu nahi duen proiektu horri buruzko hitzaldia egin zuten udaletxean Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek, eta Eloi Tato Imaz herritarrak bere lekukotza eman zuen. Solasaldiarekin, gai horri eskainita aste betez ikusgai egon den erakusketa itxi zuten.
Igandean, berriz, zebrabide bat margotuko dute. 11:00etan geratu dira, tailerreko zubian.
BEASAIN
Igartza jauregiko fatxada LGTBIQ+ kolektiboaren koloreekin argiztatuko dute igandean.
LAZKAO
Lazkaon LGTBI+ Points sarea osatu du udalak herriko hainbat establezimendurekin elkarlanean. Ekimen horrek espazio seguruak, ikusgarriak eta errespetuzkoak sortu nahi ditu LGTBIQ+ pertsonentzat. Aldi berean, erakundeen eta establezimenduen inplikazioa sustatzen du, ingurune inklusiboagoak eta diskriminaziorik gabeak sortzeko. Sare horretara tokiko erakunde eta establezimendu guztia batu daitezke.
Sare hori publiko egiteko eta aurkezteko, gaur 13:15ean talde argazki bat aterako dute partaide guztiekin, udalerriak aniztasunarekin eta bizikidetzarekin duen konpromiso partekatuaren sinbolo gisa.
LEGAZPI
Larunbatera aurreratu dute Legazpin Harrotasunaren Egunaren ospakizuna, Legazpiko Asanblada Feministak, eta Txo! Esna eta Sorgintxulo elkarteek elkarlanean antolatuta. 12:00etan elkartuko dira Euskal Herria plazan, eta musikaz lagunduta, aurpegiak margotzeko, txapak mezu aldarrikatzailekin egiteko eta abanikoak, poltsak eta zapiak apaintzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Amaieran, bermuta hartuko dute.
Arratsaldean, 18:30ean elkartuko dira berriz ere, eta erraldoi konpartsarekin eta Xaukena elektrotxaragarekin elkartuta, herria kolorez beteko dute.
LEGORRETA
Zinema aukeratu dute Legorretan ekainaren 28ko harrotasunaren egunarekin bat egiteko. Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Zinegoak jaialdian parte hartutako film laburren bilduma proiektatu zuten Herri Antzokian.
ZALDIBIA
Ataun utzi eta gero, Zaldibiara joango da Xerka proiektua. Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek Karreane kultur etxeko ganbaran aurkeztuko dute uztailaren 2an, 17:30ean. Proiektuari buruzko argazki erakusketa, berriz, gaur irekiko dute, eta aste betez egongo da ikusgai kultur etxean.
ZEGAMA
Igandean bertan, ekainaren 28an, ospatuko dute Harrotasun Eguna Zegaman, herriko balkoiak aurrez banatu dituzten LGTBIQ+ banderekin apainduta. Gainera, 12:00etan udaletxeko plazan Aitxuri Herri Eskolako ikasleek egindako marrazkiak erakutsiko dituzte, eta aurpegiak margotzeko aukera izango da. Taldeko argazkia ere aterako dute, herri eskolako eskaileretan. Amaieran mokadutxoa izango da, Yogurinha Borovaren ikuskizunarekin girotuta.
Balkoietan jartzeko banderak udaletxeko harreran egongo dira eskuragarri gaur eta bihar.
ZERAIN
Zeraingo gazteek eta gainerako herritarrek hitzordua dute 17.00etan Atxaputxuko errotondako aulkia LGTBIQ+ kolektiboaren ikur diren ortzadarraren koloreekin margotzeko.













