Legazpiko hezkuntza arloak kirol, kultura eta aisialdi eragileekin foro bat osatuko du hurrengo ikasturtean
Udalaren bueltan osatutako Hezkuntza Mahaiko kideek herriko eskolaz kanpoko jardueren eta eskolako irteeren errealitatea aztertu dute amaitu berri den ikasturtean, eta hurrengorako lan ildoak zehaztu dituzte.
Legazpiko hezkuntza formaleko eta ez-formaleko eragileek bilera egin dute aste honetan, 2025-2026 ikasturtean zehar elkarrekin egindako lan prozesuari amaiera emateko. Herriko eskolaz kanpoko jardueren eta eskolako irteeren errealitatea aztertu dute, Hezkuntza Mahaiaren gidaritzapean eta Elhuyarren laguntzarekin, eta diagnostiko horretatik abiatuta, hurrengo ikasturterako lan ildoak finkatu dituzte.
Bileran, diagnostikoaz eta lan ildo berriei buruz jardun zuten, eta ikasturte berrian lan dinamika berarekin jarraitzeko asmoa berretsi zuten.
Diagnostikoaren berri
Diagnostikoak erakutsi du Legazpik eskolaz kanpoko jardueren eskaintza zabala eta askotarikoa duela. Familiek ere garrantzia handia aitortzen diete jarduera horiei, haur eta nerabeen garapen integralean, sozializazioan eta balioen transmisioan egiten duten ekarpenagatik.
Aldi berean, eragileen arteko lankidetza eta koordinazioa indartzeko aukerak identifikatu ditu. Haur eta nerabeek hainbat espaziotan parte hartzen dutenez, elkarlana sustatzeak hezkuntza esperientzia osoagoa eskaintzen lagun dezake. Halaber, eskolaz kanpoko jarduerak balio partekatuak lantzeko espazio egokiak dira. Etorkizunera begira euskararen erabilera, inklusioa eta elkarbizitza sustatzeko aukerak eskaintzen dituzte.
Parte-hartzeari dagokionez, zenbait egoeratan baldintza ekonomikoek edo familia-testuinguruek jarduera batzuetara iristeko aukeretan eragina izan dezaketela ikusi da. Horregatik, komunitateak aukera-berdintasuna sustatzen jarraitzeko beharra azpimarratu du.
Ongizatearen ikuspegitik, ikasle batzuek astean zehar jarduera ugari uztartzeak nekea eragin dezakeela adierazi dute. Horrek haur eta nerabeen erritmoak eta ongizatea kontuan hartzearen garrantzia azaleratu du.
Komunikazioari dagokionez, balorazio orokorra positiboa izan da, nahiz eta familia guztietara modu eraginkorrean iristeko komunikazio-bideak hobetzen jarraitzeko aukerak identifikatu diren.
Eskolako irteerei dagokienez, parte-hartze maila oso altua da, eta familiek zein ikasleek oso modu positiboan baloratzen dituzte. Aldi berean, zenbait familiaren parte-hartzea erraztu dezaketen alderdiak identifikatu dira, hala nola informazioa eskuratzeko moduak, kostuen kudeaketa edo konfiantza-guneak indartzea.
Lan ildoak eta lehentasunak
Egindako diagnostikotik abiatuta, komunitateak sei lan-ildo nagusi ondorioztatu ditu: eragileen saretzea eta koordinazioa; balio partekatuak lantzea eta honekin lotuta inklusioa eta euskara praktikara eramatea; arrakala sozioekonomiko eta kulturalei erantzutea sarbidea eta esperientziaren kalitatea landuz; haur eta nerabeen ongizatean positiboki eragitea; komunikazioa familia guztietara iristea, plataformez haragoko erreferente-pertsonak jarriz; eta eskolako irteerak inklusiboagoak egitea prezioan, informazioan eta konfiantza-espazioetan eraginez.
Lehentasun zehatzei dagokienez, indar berezia jarri da hezkuntza ez-formaleko eragileak elkartuko dituen sare bat sortzean, balio partekatuen dekalogo bateratua lantzean eta euskaran ardaztutako aisialdi eskaintza bermatzean. Horrez gain, aisialdirako sarbidean aukera-berdintasuna sustatzeko neurriak eta laguntza-sistemak garatzea ere lehentasunen artean kokatu da.
Bigarren maila batean, baina etorkizunera begira ezinbestekotzat jotzen diren erronken artean, boluntariotza indartzea, belaunaldi berrien parte-hartzea sustatzeko estrategiak garatzea eta haur eta nerabeen ongizatea erdigunean jarriko duen aisialdi-ereduaren inguruko sentsibilizazio eta hausnarketa prozesuak bultzatzea aipatu dira.
Hori horrela, datorren ikasturtean Hezkuntza Mahaiak bere ohiko dinamikarekin jarraitzeaz gain, Hezkuntza ez-formaleko eragileak batuko dituen foro berri bat sortuko da, kirol, kultura eta aisialdi eragileak lehen aldiz koordinatzeko espazio gisa.













