Oianguko goiko basoko parrillak kendu egin dituzte
Haritz amerikarrak dauden basoaren kontserbaziorako neurria izan da. Oianguko zelaian dauden parrillak "momentuz mantentzea" erabaki du udalak.
Oianguko goiko basoa, parrillarik gabe.Loinaz Agirre. Ordiziako Oiangu parkeko goiko basoa babesteko eta sute arriskutik babesteko, eremuan zeuden bost parrilla kentzea erabaki du Ordiziako Udalak.
Maitane Alvarez zinegotziak basoaren itzalean egin dituen adierazpenetan gogoratu nahi izan duenez, baso berezia da Oiangukoa. “Haritz amerikarra dago landatuta, urteetan tratamendu desberdinak jaso izan dituzte. Ikusten da zuhaitz batzuk ez daudela oso ondo. Izan daiteke hiltze prozesu batean daudelako, ez arriskutsu. Arriskutsuak zeudenak kendu genituen. Goiko baso honetan helburua da gure haritza berreskuratzea da”.
Baina bestetik, balio handiko eremua dela nabarmendu du: “Hainbat azterketa egin ditugu parke honetan, eta horietako bat izan da baso honek aportatzen duena inguruan: zenbat intsektu desberdin bizi diren zuhaitz hauetan”.
“Oiangu arnasgune bat ere bada, babesgune bat, eta horregatik guretzat oso garrantzitsua da zuhaitzen eta basoaren mantenua”
Maitane Alvarez. Ordiziako zinegotzia
Hori guztia kontuan hartuta eta parte hartze prozesuan ere ondorio bera atera zenez, eta “baso honen kontserbazioa garrantzitsua” denez, herritarren erabilerarako zeuden parrillak kendu egin dituzte. “Oiangu parkea azken batean aisialdirako parke bat da. Hainbat ekintza egiten dira, oso desberdinak. Baina arnasgune bat ere bada, babesgune bat, eta horregatik guretzat oso garrantzitsua da zuhaitzen eta basoaren mantenua. Horregatik parrilla horiek ezin zuten hemen egon”.
Beheko zelaian dauden parrillak “momentuz mantentzea” erabaki dute. “Noski, errespetuz eta arduraz erabili behar dira. Abisu laranja edo gorria dagoenean ezin dira erabili. Baina baso honetan mantentzea ez zen bideragarria, oso azkar hartuko bailuke sua. Goiko basoan zegoen parrilla berriena, duela pare bat urte jarritakoa, erdiko zelaian jarri dute.
Haritz amerikarren goiko basoan dauden mahaiak, iturria eta zabor puntuak mantendu dituzte.
Azkenik, Alvarezek herritarrei gogorarazi nahi izan die, “debekatuta dagoela norberak bere parrilla ekartzea. Dauden guneak bakarrik erabil daitezke, baimendutako egunetan”.













