Benetako Anduaga, benetako festetan
Ezkioko Anduagako Santa Lutzi auzoan San Pedro festak ospatzen ari dira. Txikitasunetik, auzotarrak elkartzeko eta festa egiteko aitzakia dira egunok. Herri bazkaria, dantza erakustaldia eta toka lehiaketa egin dituzte gaur. Arratsean, Laket musika taldeak joko du.
Anduagako Santa Lutzi auzoko San Pedro jaietan, gaur. Aimar Maiz Ezkioko Anduaga auzoan San Pedro festen erdian daude. Atzo hasi zuten egitaraua; gaur egun betea ospatu, bihar atseden hartu, eta astelehenean zaindariaren eguna gogoratuz borobilduko dituzte auzotarren elkargune diren jai-egunak.
Jendetzarik bildu ez arren, benetakotasun handiko festak dira Santa Lutzikoak. Auzotarrek auzotarrentzat antolatuak, eta auzotarren artean eginak. Herri bazkaria izan dute gaur egitarauko juntadizo handi bat. 90 lagun elkartu dira Anduagako plazan, karpapean. Euskal Parrillak bertan prestatutako jakiak dastatu dituzte. Aurretik, toka lehiaketa egin dute, eta dantza emanaldia ere bai. Otsailean hasi ziren euskal dantzen ikastaroarekin, eta arrakasta polita eduki du. Hiru talde badabiltza, eta urtean zehar ikasitakoa eguerdian erakusti dute.
Astiazaran eta Narbaiza trikitilariek girotu dute eguna, eta bingoa izan dute bazkal ondoren. Arratsean eta gauean, Laket musika taldearekin dantzaldia izango da.
Bertako sagardoak
Sagardo dastaketa egin zuten, atzo, Anduagan. Mutiloan adinako jendeketarik ez bazen ere, benetakotasuna bazen hor ere. Auzoko, herriko nahiz inguruko udalerrietako baserrietan ekoitzitako hamabi sagardo probatzeko aukera izan zen. Zuku elkartea ere badute Ezkion, industrialdeko pabiloi batean. 60 bat bazkiderekin, herriko baserritarrei eta inguruetakoei sagar uztari irtenbide duina ematen diete. Sagar zukua egiten dute askok, pasteaurizatuta; sagardoa ere bai beste batzuek. Atzokoa zen lan eta ekimen horren erakustaldia. Garinen egindako sagardo bat atara zen irabazle. Auzo eta herri txikien arteko loturak mantentzen diren seinale.
Guraso Elkarteak ogitartekoak prestatu eta saldu zituen, Anduagako elkartean, eta estimazioa izan zuten Anduagara joan ziren auzotarren eta bisitarien artean.

Anduagako Santa Lutzi auzoko San Pedro jaietan, gaur.Aimar Maiz














