Zortzigarren probintzia aberrian da
Ateak Ireki programaren bidea Ipar Amerikatik Goierrira iritsi dira 22 gazte. Ataunen egin diete harrera, eta hiru astean Goierrin biziko dira eta Euskal Herria ezagutuko dute.
Ateak Ireki programaren bidez Goierrira etorri diren Ipar Amerikako euskal diasporako 22 gazteak, gaur, Ataunen. Aimar Maiz Euskal diasporako gazteek aberria ezagutu dezaten eta hemengo euskal herritarrekin zubiak eraiki ditzaten, abian da Ateak Ireki programa, beste urtebetez. Gaur iritsi dira Goierrira Ipar Amerikako 22 gazte: 21 estatubatuar eta kanadar bat. Arbaso euskalduen edo euskal jatorriaren peskizan etorri dira asko, eta Goierriko familien etxeetan hartuko dute ostatu hiru astean. Bien bitartean, Goierri, Euskal Herria, eta bertako ohiturak, erakundeak, festak eta toki ospetsuenak ezagutu dituzte, euskararen barnerakuntzat arreta bereziki ipinita.
Ataungo plazan egin diete gaur lehenbiziko harrera. 19:30 jota iritsi da partaide gazteen autobusa; zain zituzten ordurako Goierriko familiak, beren adin modutsuko seme-alabekin. Baita Ateak Irekiko arduradunak eta Ataungo udal ordezkariak ere. Aurrez telematikoki aurreneko ezaguera egina bazuten ere, lehenbiziko besarkadak, hitzak eta aurkezpenak egin dituzte, autobusetik jaitsi orduko. “Zuek Euskal Herrira ekarri zaituzten ekimenak Ateak Ireki izena du, eta guk ere beti hori esaten dugu: ateak zabalik daudela. Garrantzitsua iruditzen zaigu ateak eta leihoak zabalik igatea, zubigintzarako prest egotea, ez dakigulako etorkizunak zer ekarriko digun, eta zenbat eta sare zabalagoa osatu, zenbat eta hedatuago egon eta harreman estuagoak izan, garrantzitsua izan daiteke, bai orain, eta bai gero”, azaldu du Martin Aramendi alkateak.
Atauni buruz datu batzuk eman ondoren, Agurra dantzatu diete hiru asteotan bizilagun eta gidari izango dituzte goierritarrek. Ateak Ireki ekimeneko Anjel Oiarbidek gehitu duenez, laugarren urtea du aurten. “Sustraitzen ari den proiektua da”. Harrera familiak, horretan, “ezinbestekoak” direla azaldu du.
Bizkaian beste 28 gazte
Lehenenego aldiz, Goierrin bakarrik ez, Bizkaiko Busturialdeko eskualdean euskal disporako beste 28 gabte egongo dira. Argentinarra, uruguaiarrak eta australiarrak dira. “Proiektua handitzen doa, diasporan ere zabaltzen doa, Euskal Herrian ere bai. Bejondeigula”, zoriondu ditu denak Oiarbidek. Esperientzia “oso aberatsa” bizitzea desiratu die Euskal Herrira iritsi diren diasporako euskaldun gazteei. Astelehenean, lehen ekintza modura, Beasaingo Igartzako jauregira joango dira.

Ateak Ireki programaren bidez Goierrira etorri diren Ipar Amerikako euskal diasporako 22 gazteak, gaur, Ataunen.Aimar Maiz













