Ander Kerejetaren eta Lide Arzelusen kartelek iragarriko dituzte Santa Ana jaiak
Santaneroen dantza irudikatu du Kerejetak, eta jaietan zehar egiten diren ekintza ezberdinak irudikatu ditu Arzelusek.
Ainhoa Jimenez, Lide Arzelus, Ander Kerejeta eta Izaro Intsausti, gaurko aurkezpenean. Izaro Villarreal Ekaina amaitzear da eta gero eta nabarmenagoa da Ordizia Santa Ana jaietarako prestatzen ari dela. Uztailaren 17an hasiko dira txikien festarekin, eta hurrengo asteburuan jarraituko dute; uztailaren 27an amaituko dira, kuadrilla egunarekin. Hori horrela, prestaketa lanak amaitzen ari dira eta udalak dagoeneko ezagutzera eman ditu aurtengo jaietako kartel lehiaketako irabazleak.
Helduen mailan, Ander Kerejeta Ayala beasaindarra izan da irabazlea eta haren lanak jantziko du aurtengo egitarauaren azala. 500 euroko dirusaria ere jaso du.
Santaneroen dantzari keinu egin die Kerejetaren kartelak, eta jaietako tradizioa zein kultura, ikuspegi garaikide batekin uztartu nahi izan ditu. Hartara, ohikoa baino estilo modernoagoa izango du aurtengo irudi nagusiak, baina sustrai tradizionalei uko egin gabe. Izan ere, kolore kontraste ezberdinak probatu ondoren, Ordiziako kolorearen alde egin du beasaindarrak: urdinaren alde.
Estreinaldi bikaina egin du gazteak, aurrenekoz aurkeztu baita lehiaketara. Kerejetaren aita eta amona ordiziarrak dira, eta azken horrek bultzatuta aurkeztu da lehiaketara. «Amonak urte asko daramatza ni konbentzitu nahian, eta azkenean lortu du; niri adinako ilusioa egin dio berari».
Lide Arzelus
18 urtez azpikoen mailan, berriz, Lide Arzelus Mendizabal ordiziarra izan da saritua. Santa Ana jaietako egitarauaren barrualdean ikusi ahal izango da bere lana, eta horrez gain, 100 euroko erosketa balea ere jaso du.
Ordiziako jaietan egiten diren ekintza ezberdinak irudikatu nahi izan ditu kartelean, eta zenbait ekintza enblematikoetako elementuak erabili ditu horretarako: santanazaleak, txaranga, danborrada, kuadrilla eguna, aurreskua… elementu horiekin guztiekin, herrian egoten den jai-giroa irudikatzea lortu du gazte ordiziarrak. Oso pozik dago sariarekin, «ilusioa egiten du».












