Esklerosi anizkoitza dutenen alde, ‘Busti Zaitez’ Goierrin
Ademgi elkarteak bultzatutako kanpainaren baitan diseinatu duten materiala saltzeko eta gaixotasunari eta elkarteari buruzko informazioa zabaltzeko postuak jarriko dituzte, larunbatean Legazpin eta hurrengo asteazkenean Ordizian.
Iazko Busti Zaitez, Legazpin.Ademgi Esklerosi anizkoitza gaixotasun neurologikoa ezagutzera emateko Busti Zaitez sentsibilizazio kanpainak geldialdia egingo du Goierrin aurten ere. Busti Zaitez kanpainak 29. aldia izango du, eta azken urteetan bezala, esklerosi anizkoitza duten gipuzkoarren alde lan egiten duen Ademgi elkarteak «bustitzeko» gonbidapena luzatuko die goierritarrei.
Elkarteak postu bat jarriko du larunbatean Legazpin, Laubiden, eta Katuki Sagayaki diseinatzaileak aurtengo kanpainarako prestatu dituen merchandising produktuak izango dituzte salgai. Lortzen den dirua gaixotasun hori duten pertsonentzako birgaitze zerbitzuak finantzatzeko izango da.
Ordizian ere izango da Busti Zaitez kanpainaren arrastoa. Uztailaren 8an jarriko dute postua elkarteko kideek, goizez, azoka eguna dela baliatuz. Barrena jauregiaren parean egongo dira.
Laguntzeko moduak
Kanpainan laguntzeko dohaintzak ere egin daitezke, eta kanpaina bera sare sozialetan zabalduz ere lagundu daiteke, Ademgi etiketatuz eta #bustizaitez2026 edo #mojate2026 traolak erabiliz.
Ademgik kontuak ditu Facebook-en Ademgi – Esclerosis Multiple Gipuzkoa izenarekin, X-en @emademgi izenarekin eta Instagramen @ademgi_emgipuzkoa izenarekin. Bestalde, https://ademgi.org da elkartearen webgunea.

Iaz, Ordizian.












