Gaurko feriaren kolorea, berenjenarena
Piper, tomate, kuiatxo eta luzokerren eskaintza asko handitzen ari da, uda hasi berritan, eta perretxikoak, gutxitzen.
Uda bete-beteko azoka izan da gaurkoa, eta nahiko bizia, erosle eta bisitariei dagokienez, baita produktu berrien atala ere. Bisitak, urrutitik etorri dira, Bizkaiko Sodupe herritik. D’Elikatuz zentroko gidarien eskutik, bertako 47 jubilatu ibili dira ferian postuz postu, eta gero Ordiziako erdigunea ezagutzen. Erosleak eta produktu berriak, aldiz, ingurukoak izan dira.
Aurreko asteko bero larrien ondoren, eguraldia egonkortu dela esan daiteke, eta egin duen euri apurrak eta freskurak mesede egin die barazki eta bestelakoei. Horren erakusle, gaur ferian ikusitakoa.
Eta ikusitakoen artean, berenjena azpimarratu behar da, negutegikoa izanda ere, berritasun handia izan delako. Zeraingo Mendarte baserriko Iñaki Intxaustik izan ditu salgai urteko lehenak, kiloa 4,5 euroan.
Kuiatxoak eta luzokerrak, berriz, ugaritu egin dira, eta postu gehienetan daude salgai dagoeneko, kuiatxoak behintzat, eta aire librekoak. Horien artean, Bidaniko Sustrai Askeak elkarteko Natalia Magallanesenak aipatu behar dira, kuiatxo zuriak zirelako, horiek ere urteko lehenak. Kiloa 3,2 euroan zuen.
Magallanesek, bestalde, kontserbei eskainitako txokoa du bere postuan, eta bertan, etxean, Bidaniko baratza eta soroetan neguan hazitako produktuekin egindako kutixiak aurki daitezke. Hala, kuiatxo eta kuia pureak ditu (3,8 eurotik 6 eurora, potearen tamainaren arabera), tomate frijitua (4,2 euroan), baita kuia, kuia eta sagarra eta tomate berde marmeladak ere (3,8 euroan).
Piper eta tomate ugari
Produktu berriak iristearekin batera, azken asteetan iritsitakoen eskaintza zabaltzen ari da, tomatearena eta piperrarena kasu. Tomatea geroz eta ugariago dago, eta postu askotan dago salgai, kiloa 4 eta 6 euro artean. Gaur, ekologikoa ere jarri dute salgai, Zeraingo Intxaustik, eta Gabiriako Jose Antonio Elosegik. Azken honek, herriko bertako Altzibar baserrikoa izan du salgai bere postuan, San Joan sagarrekin batera.
Piperren kasuan, kantitateaz gain, motak ere ugaritzen ari dira. Aurretik pipermina, morroa eta Gernika bazeuden salgai, eta gaurtik, baita italiarra eta ezti luze berdea ere. Azken bi piper berri hauek Patxi Arizmendik eskaini ditu, lehena 4,5 euroan kiloa eta bigarrena 8,5 euroan. Bestalde, Zurutuza ahizpek aire libreko pipermina eta Gernika jarri dituzte salgai, eta horiek ere berritasun izan dira, orain artekoak negutegikoak baitziren.
Fruten atalean ere izan da berririk gaur. Maria Jesus Oriak aran mota berri bat aurkeztu du, gorri iluna, eta kiloa 3 euroan eskaini du.
Loreak eta perretxikoak
Loreen eskaintza ere ugaritzen doa, lore moztuena, hain zuzen. Gaur gladiolo koloretsuak izan ditu salgai Aramako Miren Jauregik, eta parean postua duten Zurutuzatarrek agapanthus urdina gehitu dute bere eskaintzara. Sortak 5 euroan daude.
Perretxikoak, aldiz, nabarmen gutxitu dira. Gaur, Lasa eta Barcinaren artean 45 kilo onddo (kiloa 15 eta 35 euro artean) eta sei kilo ziza hori (15-25 euroan) besterik ez dituzte eskaini.





















