Natura, jolasak eta musika Sagastigutin, IV. Sigi-Sagas jaialdian
Larunbatean da IV. Sigi-Sagas jaialdia. Herriko kultur eta aisialdi eskaintza zabaltzeko sortua, naturarekiko errespetua eta zaintza, kulturaren sustapena eta aniztasuna ditu ardatz.
III. Sigi-Sagas jaialdiko irudia, 2025ean.Arrano Kultura Badator IV. Sigi-Sagas jaialdia. Larunbatean Sagastiguti parkea beasaindar eta gainontzeko goierritarren topaleku bihurtuko da, naturaren, musikaren eta jolasaren bueltan. Pailazoak, bazkaria, zirku tailerra eta kontzertuak izango dira.
Arrano Kulturaren Sasoiko Ekintzak taldeak antolatu du Sigi-Sagas, aurten laugarren aldiz. Idoia Garmendiak, Iban Unamunok eta Maite Biainek osatzen dute taldea. Hiru ardatz ditu jaialdiak: naturarekiko errespetua eta zaintza, kulturaren sustapena eta aniztasuna.
Batetik, Sagastiguti parkeari erabilera ematea da helburuetako bat. Hortik dator izena. Bestetik, jatorri, adin eta gustu guztietako pertsonak elkartzea eta momentuak partekatzea. “Eta, noski, herriari kulturalki desberdina den zerbait eskaintzea”, zehaztu du Biainek. Doakoa da, irekia izan dadin denentzat.
Kotxe zerbitzua eskainiko dute mugikortasun arazoak dituztenentzat. Sare sozialen bidez edo komunikazioa.arranokultura@gmail.com helbidearen bidez jarri daitezke harremanetan interesa dutenek.
Aire zabalean denez, eguraldiak baldintzatzen du giroa. Baina iragarpenek ez dute euririk aurreikusten.
12:00etan hasiko da, Pololo, Elena Madalena eta Txikipailazoen emanaldiarekin. 14:00etan, berriz, bazkarirako tartea egongo da, eta 16:00etan zirku tailerra. 18:00etan hasiko dira kontzertuak: The Soulanders, M.B.S. The Mood, The Bass & The Sticky eta Alarma Morea talde goierritarrek joko dute. Egun osoan zehar DJ Adonay-k girotuko du jaialdia.













