‘Ni Itsas Zaindari’ kanpaina martxan da Ordizian, 44 saltokiekin
Uztailaren 15era arte egongo da martxan, eta 44 saltoki horietan erosketak egiten dituzten bezero guztiek izango dute parte hartzeko aukera.
Ordiziako merkataritzak itsasoaren aldeko apustua egin du abiatu duen Ni Itsas Zaindari kanpainaren bidez. Kontsumo arduratsua sustatzea eta hondakinak murriztea dira ekimenaren helburu nagusiak, berrerabil daitezkeen ontzien erabilera bultzatuz eta tokiko merkataritzaren balioa azpimarratuz. Kanpaina uztailaren 15era arte egongo da martxan, eta parte hartzen duten saltokietan erosketak egiten dituzten bezero guztiek izango dute parte hartzeko aukera.
44 saltoki batuta
Guztira, 44 saltokik egin dute bat ekimenarekin. Parte hartu nahi duten bezeroek nahikoa izango dute saltoki horietako batean erosketa egitea, kartel edo erakusleihoetan dagoen QR kodea eskaneatzea eta bertan agertzen den galdetegia betetzea. Parte-hartzaile guztien artean MATER itsasontzian Kantauri itsasoan egingo den zeharkaldi bat zozketatuko da.
Ordizian Merkatarien Elkartearen esanetan, sariak «natura, itsasoa eta kostaldea beste ikuspegi batetik ezagutzeko esperientzia paregabea» eskainiko du. Horregatik, herritarrak tokiko merkataritzan erostera eta kanpainan parte hartzera animatu ditu. Kanpainaren bidez, tokiko merkataritza babesteaz gain, eguneroko kontsumo-ohiturek ingurumenean duten eraginaren inguruko kontzientzia ere sustatu nahi da.













