Olaberriko Hine Taldeak NH Beco enpresa eskuratu du
Hineren 2025-2028 Estrategia Planaren barruan egin da mugimendua. NH Becok 11 milioi euro fakturatu zituen 2025ean. Estatuko merkatuan bere posizioa «indartu» nahi du Hinek.
David Berkoetxea ezkerrean, eta Lander Gibelalde eskuinean.HINE Hine Taldea Olaberriko enpresak Neumatica Hidraulica Beco [Sistema Pneumatikoak eta Hidraulikoak] enpresa eskuratu du. Hitzarmen horrekin Espainiar estatuko merkatuan bere posizioa «indartu» nahi duela azaldu zuen Hinek asteartean argitaratutako prentsa oharrean.
Hine Taldearen 2025-2028 Estrategia Plana «hazkunde organikoari zein ez-organikoari eta aniztasun sektorialari» bideratuta dagoela adierazi du Lander Gibelaldek, Hine Taldeko zuzendari nagusiak: «Zerbitzuaren garrantziaren, jakinduria teknikoaren eta pertsonenganako konpromisoan ikuspuntu berdina daukagu». NH Beco plan horren barruan eskuratu dute.
David Bekoetxeak, NH Becoko zuzendaritzatik dio Olaberriko enpresarekin bat egiteak beraiei ere «hazteko aukera» emango diela: «Hine epe luzerako bokazio garbia duen eta edukiera teknologiko indartsua daukan nazioarteko talde industrial bat da».
Hinek aurreko urtean Polonian bere lehenengo lantegia ireki zuen. Bi helburu ditu Hinek lantegi horrekin: «Europan gure presentzia indartu eta hazten ari den energia berriztagarrien industrian zerbitzu bat eman nahi dugu, hain zuzen ere, ur azpiko arlo eolikoan». Hori, eta NH Beco eskuratzea enpresaren hazkunde estrategiaren parte dira.
NH Beco 40 urte martxan daraman Valladolideko (Espainia) enpresa bat da, 60 langile baino gehiago dituena. Hineren arabera 2025ean 11 millioi euro fakturatu zituen. Hinek operazio horrekin merkatu espainiarrean bere posizioa indartu nahi du.
Bi negozio bide
Valladolideko enpresa horrek «bi negozio-bide nagusi» markatzen dituela esan du Hinek: «Batetik, osagai hidrauliko, pneumatiko eta elektromekanikoen banaketa. Bestetik, konjunto hidraulikoen, panel elektroneumatikoen eta metagailu oleohidraulikoen fabrikazioa, konponketa eta instalazioa». Horretaz gain, sektore ezberdinei zerbitzua ere ematen die: «automozioa, ekoizleen industria eta nekazaritzako makinaria». Hinek bere «aniztasun estrategian» arlo horietan «indartzea» du helburu.
Olaberriko enpresak jakinarazi du Beco enpresa ezaugarritzen duten «talentua, jakinduria teknikoa eta bezeroarenganako gertutasuna» mantendu nahi dituela. Bien artean «hazteko aukera berriak» eta epe luzeko «industria proiektu jasangarri bat» garatu nahi dute «elkarlanean» oinarrituta.
50 urteko esperientzia
1974ean sortu zen Hine Taldea. 50 urte baino gehiagoko esperientzia dauka «diseinu, garapen eta konponbide hidraulikoen fabrikazioan» enpresaren arabera: «sistema hidraulikoak, osagaiak, tresneria eta kalitate altuko hozketa konponbideak eskaintzen ditugu». Gainera, saldu ondorengo «arreta sendoa eskaintzen» duela azaldu du. Hori, taldeak ahalik eta «errendimendu handiena» izateko, eta «produktuen erabilgarritasuna» bermatzeko da.
Urteen poderioz bere «gaitasuna handitu» du «merkatu geroz eta lehiakor» baten eskakizunei erantzuteko. Hinek dio bere indarra «mundu mailako presentzian» eta «talde kulturanitz batean» oinarritzen dela.
Horregatik, lantegiak ditu Espainian, Estatu Batuetan, Brasilen, Indian, Txinan, Mexikon eta Polonian: «zerbitzu arin, eraginkor eta konfiantzazkoa eskaintzen dugu». Bezeroengandik «gertu» mantentzen dira sortzen zaizkien beharrei «azkar» erantzuteko.
Inguruko erreferentea
NH Beco enpresa sistema hidrauliko eta pneumatikoen konponketan, banaketan eta fabrikazioan «bereizten» dela dio Olaberriko enpresak: «Gaztela eta Leonen erreferentziazko bazkideak dira industriari dagokionez». Becok bere jarduera sektore ezberdinetan hedatua daukala gehitu du: «automozioan, nekazaritzan edo industria makinarian».













