Joxe Azurmendiren "obra amaigabeari" jarraipena emateko aldarrikapena
Uztailaren 1ean, urtebete bete zen Joxe Azurmendi euskal idazle eta pentsalaria hil zela. Haren heriotzaren urteurrenaren harira, gaur, herri omenaldia egin diote jaioterrian, Zegaman.
Iragan asteazkenean, uztailaren 1ean, urtebete bete zen Joxe Azurmendi euskal idazle eta pentsalaria hil zela. Haren heriotzaren urteurrenaren harira, gaur, Zegaman, herri omenaldia egiteko elkartu dira, Azurmendiren jaiotetxearen, Arretxeren, atzeko plazan. EHUko Joxe Azurmendi Katedrak eta Jakinek, Zegamako Udalarekin elkarlanean, antolatu dute omenaldia.
Plazako ekitaldiaren aurretik, Gaztelekuan elkartu dira Joxe Azurmendiren ekarpena aletzeko jardunaldian. Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko Joxe Azurmendi Katedrako zuzendaria Katedraren bilakaeraz, oinarriez eta egitasmoez aritu da lehendabizi. Eta ondoren, Haritz Azurmendi Arruek gidatutako mahai-ingurua izan da, Alaitz Aizpuru Joaristi, Iratxe Retolaza Gutierrez eta Mikel Urdangarin Irastorza beasaindarraren parte hartzearekin. Hiruek Joxe Azurmendiren lana ondo ezagutu eta ikuspegi ezberdinetatik landu dute, eta pentsalari zegamarraren ekarpen ugariei eta baliotsuei buruz hitz egin dute.
Mikel Urdangarin: “Gaur ahalegindu gara, bere ekarpen erraldoi hori, metafora batera ekartzen: Joxe Azurmendik utzi digula gure esku obra amaigabe bat”.
Mikel Urdangarin beasaindarraren esanetan, “gaur ahalegindu gara, bere ekarpen erraldoi hori, metafora batera ekartzen: Joxe Azurmendik utzi digula gure esku obra amaigabe bat”.
Metafora argitu du Urdangarinek: “Alde batetik, obra kolosal bat utzi digu, 42 liburutik gora, ehunka artikulu, hamarnaka gairen inguruko gogoetak eta beste. Eta beste alde batetik, obra amaigabe bat utzi digu. Hau da, amaitu gabea dena, osatu gabea dena, eta berak askotan aldarrikatu duen bezala, hori ez da akats bat. Baizik eta hori, berak bere filosofiarekin guztiz bat datorren elementu bat da. Zergatik? Hain zuzen ere, osatu gabea izateak ahalbidetzen digulako hurrengo belaunaldioi, hau da, guri, gure nahi, behar, premien arabera berrirakurtzea, eta ideia horiek denak berriz martxan jartzea, gaur egungo erronketan”.
Eta horixe aldarrikatu dute gaur Zegaman, “ahalegin hori egin behar dugula. Obra entziklopediko ireki bat daukagula gure eskura eta horri heldu behar diogula, hain zuzen ere, gaur egun mahai gainean dauzkagun erronkei aurre egiteko eta euskal pentsamendu askatzaile bat eraikitzeko”.
Transmisioan eten handi bat egon dela gogorarazi du Urdangarinek, “horren lekuko da, guk geuk Bigarren Hezkuntza Ortega y Gasset bat ematen genuela, baina Joxe Azurmendi ez, nire ustez, mamiz askoz ere aberatsagoa denean”. Baina azkeneko hamarkada eta erdi honetan, “urrats handiak” eman direla gogoratu du: “Alde batetik, Lapiko Kritikoa kolektiboak sekulako lana egin zuen Joxeren obra hori dena biltzen, eta belaunaldi gazteago batzuk horren bitartez deskubritu dugu Joxe. Udako Ikastaroak egin dira, Joxe Azurmendi Katedra sortu da, Agora elkartearen bitartez Curriculumean sartzea lortu da… Tesiak, artikuluak, liburuak egiten ari dira… eta uste dut bide emankor bat egiten ari dela, eta bide hori gero eta sakonago eta indartsuagoa izaten jarraituko duela”.
Plazan
Gaztelekutik plazara, Azurmendiren jaiotetxearen atzeko plazan izan du segida herri omenaldiak. Iker Zubeldia Zegamako alkateak hartu du lehendabizi hitza. “Herri bakoitzak ditu bere berezitasunak. Eta geure honek ere baditu. Dakizuen bezala, Zegaman dago Gipuzkoako tontorrik altuena eta Zegaman jaiotzen da Gipuzkoako ibairik luzeena, eta ziurrenik emaritsuena ere bai. Eta emariaz ari garelarik, nire atzeko baserri zahar horrek ere izan du emaririk. Hor jaio baitzen Joxe Azurmendi. Arretxe baserrian. 11 senidetako bat izan zen Joxe.
Iker Zubeldia: “Ama Rufinaren zileko emariak erantsi zion euskalduntasuna Joxeri eta gainontzeko senideei”.
Baina emariarena ez dut horregatik esan: ama Rufina eta aita Marianok osatu zuten familia handi hura. Ama Rufinaren zileko emariak erantsi zion euskalduntasuna Joxeri eta gainontzeko senideei. Ama Rufinaren bularretik bazkatu zuen emariaz ari naiz. Gerora, mingainetik urrundu bazitzaion ere, ziletik jaso zuenaren indarrak berreskuratuarazi izan zion bularrean ikasi zuen ama hizkuntza, euskara, zorioneko euskara.
Eta Joxeren praile ibilbidea gogoraraziz, eta apaizek meza jendetsuetan egin izan dutenaren haritik, diskurtsoa pixka bat luzatu egingo dut: euskarak inoizko aldarterik arriskutsuenean dago, oharkabean ebatsi egingo digute. Eta Joxeren sendiak artzaintzaren munduarekin duen gertutasuna baliatuta, adibide bezala jarri nahiko nuke bi arkume dituen ardi batean irudikatu genezake Euskal Herria. Lurraldetasuna eta hizkuntza. Eta bati begira gauden bitartean, eramango digu bestea azeriak. Badarama edo eraman du. Batak besterik gabe, inongo zentzurik ez duela ohartu gabe. Joxeri ere horrela iruditzen zitzaiolakoan nago”.
Ondoren, Toberako dantzariek agurra dantzatu diete Azurmendiren senideei, txistularien eta Orkatz abesbatzaren laguntzarekin. Eta jarraian, eta senideen izenean Ibai Iztuetak eta Belen Asurmendik hitza hartu dute, bertaratutakoei eskerrak emateko.
Ordezkaritza
Jakin Fundazioaren izenean Juan Mari Larrartek hartu du hitza. Larrarteren esanetan, Azurmendik “Jakin izan zuen etxea”, eta unibetsitatea ere bai, “bere egitekoaren parte handi” bat han egin izan baitzuen. Beraz, “Jakinentzat pozgarria da guarko ekitaldia Katedrarekin batera antolatzea haren jaioterrian, jaiotzako etxean, alegia, hemen Zegaman”.
Juan Mari Larrarte: “Hark egindako lana ez dadila ahanzturan galdu. Haren iraskapenak izan dezala jarraipena hurrengo belaunaldietan, ez hura itsu-itsuan jarraitzeko, baizik eta hark utzitako pentsamendua ikasbide izan dezagun geurea garatzeko”.
Bi erakundeek “interes” bera dutela gogorarazi du: “Hark egindako lana ez dadila ahanzturan galdu. Haren iraskapenak izan dezala jarraipena hurrengo belaunaldietan, ez hura itsu-itsuan jarraitzeko, baizik eta hark utzitako pentsamendua ikasbide izan dezagun geurea garatzeko”.
Azurmendi “pertsona argia, protagonismo handirik behar eta nahi ez zuena, eta taldekoa, elkarlanean eta elkarrizketan sinesten zuena” zela gogoratu du Larrartek. “Joxe herri batean sinestu izan duen belaunaldi bateko kide izan zen, eta horre beti egin izan du lan herri, kultura eta hizkuntza bat helburu hartuta, Euskal Herria helburu hartuta. Munduari begira, munduarekin elkarrizketan, baina abiapuntu euskara eta euskal kultura hartuta, eta helburu ere bai”.
Era horretan, Azurmendiri “egin diezaiokegun omenaldirik handiena” zein den nabarmendu du Larrartek hitzartzea amaitzeko: “Hura itsu-itsuan jarraitu beharrean, harekin elkarrizketan segitzea eraikitzen. Jakin aldizkariak urteetan eraman duen goiburua da ‘herria, kultura, hizkuntza’, egun ere baztertzeko ez duguna, eta horri jarraituz segitu behar dugu lanean, gure aurrekoak egindakoa kontuan hartuta, egungo beharretara egokituta, euskara eta euskal kultura erdigunean jarrita eta Euskal herria helburu”.
Are gehiago, “jendea gogoratu eta omentzeko modurik onena da haiek hasitako bideari segida ematea. Asmatuko ahal dugu bide horretan”.
Joxe Azurmendi Katedraren izenean Ekai Txapartegik hartu du hitza, eta ondoren, Oihana Iguaranek bertsoak kantatu ditu, gitarraren laguntzarekin.
Paulo Agirrebaltzaltegi lagunaren hitzartzea izan da hurrena. Azurmendiren beste bi etxe ekarri ditu gogora: Arantzazu eta Zegama, Zegama eta Arantzazu, “Aizkorri handia” ahaztu gabe. Horregatik, Azurmendiren errautsak, “erdibana geratu” direla jakinarazi du.
Amaitzeko, Iker Zubeldiak bertso sorta kantatu du. Familiako argazkia atera eta mokadutxoarekin amaitu da herri omenaldia Zegaman.













