Udafest, Ilintirekin hitzordua ostiralean
Legazpiko merkatarien elkarteak opariz eta musikaz beteriko jaia antolatu du ostiral arratsalderako. Kale Nagusian ospatuko da festa.
Iazko Erosi eta Irabazi festan, oparien zozketa.Gorka Gomez Uda hasieran herritarrei hondartzara edo igerilekura eramateko makina bat toalla eta hozkailu txiki oparitu eta gero, sari gehiagorekin dator Legazpiko Ilinti merkatari elkartea, eta ostiralerako egin du hitzordua. Udafest izenarekin, opariak eta musika uztartuko dituen jaia antolatu dute herriko merkatariek. Kale Nagusian ospatuko da festa, kaleko beheko aldean, 19:00etatik 21:00etara.
Oraingoan, hainbat opari zozkatuko ditu Ilintik. Batetik, 500 euroko balioa duen bidaia bat, eta bestetik, 100 euroko balioa duten bost erosketa txartel oparituko dizkie bezeroei.
Zozketarako txartelak
Zozketan parte hartzeko, hilaren hasieratik Ilintiko denda eta establezimenduetan egindako erosketen txartelak hainbat daturekin beteta entregatu besterik ez da egin behar, ostiralean bertan. Horretarako, zaku edo kutxa batzuk egongo dira, festa gunean jarriko duten taulatuan. Txartelak 19:00etatik 20:00etara entregatu beharko dira. Zozketa 20:00etan egingo dute, eta saria jasotzeko, bertan egon behar da.
Dj Xaibor arduratuko da Udafest jaiari musika eta giroa jartzeaz, eta zozketa ere disko jartzaileak girotuko du.
Ilintik egin zuen antzeko festa iaz, uda hasieran. Orduan Erosi eta Irabazi izena eman zioten, eta 500 euroko bi erosketa txartel zozkatu zituen, Akerren Seinale musika talde legazpiarrak girotutako ekitaldian. Orduan, aurreko hilabeteetan erretiratutako Ilintiko hainbat kideri omenaldia ere egin zieten: Mari Carmen fruta dendako Mari Carmeni, Expert-Vela etxetresna elektrikoko Inma eta Jesusi, Creativos GH diseinu grafikoko Bittor eta Esperi eta Coro Paternain ile apaintzaileari. Aurten ez da omenaldirik egingo, azken urtean ez delako Ilintiko inor jubilatu.












