Legazpi, Kubarekiko elkartasun keinuz beteta
Legazpitik Argia Kubari kanpainarekin 5.600 euro bildu dira dagoeneko Habanako ospitale pediatriko bati laguntzeko. Gaur Hotz Legazpik pintxo solidarioak salduko ditu, hilaren 16arako elkarretaratze bat dago deituta, eta hilaren 25ean elkartasun jaia ospatuko dute.
Kubaren egoeraz kezkatuta hainbat legazpiarrek abiatutako elkartasun kanpaina martxa onean doa. Habanako William Soler ospitale pediatrikoa elektrifikatzeko dirua biltzea da helburua, eta ekimenaren arduradunek azaldu dutenez, dagoeneko 5.600 euro bildu dituzte salgai jarritako laguntasun bonuen bidez.
Legazpitik Argia Kubari izenburupean bildu dira legazpiar horiek, eta AEBko Gobernuak ezarritako blokeo ekonomikoa 60 urte baino gehiago pairatzen daramaten Kubako herritarrak laguntzea dute helburu. Azaldu dutenez, “egoera hori are gehiago okertu da azken hilabeteotan, eta Kubako herritarren bizitza bera arriskuan jartzen ari da. Elektrizitate falta erronka handia da osasun sistemarentzat. Pertsona ahulenak, haurrak eta adinekoak dira bizi-baldintzen okertzea bereziki pairatzen dutenak”.
Euskadi-Kubarekin elkartearekin koordinatuta ari dira lanean, William Soler ospitale pediatrikorako dirua biltzeko eta eguzki-energia fotovoltaikoa sortzen duten bi ekipo handi erosteko eta bertan instalatzeko. Kanpainaren erantzun solidarioa “oso garrantzitsua” da, eta jaso diren 5.600 euroengatik eskerrak eman nahi dizkiete Legazpiko pertsona, denda, taberna eta erakunde guztiei.
Gaur pintxoak eta liburuak
Baina diru gehiago lortu nahi dute, eta Kubaren egoera ezagutzera eman. Hori dela eta, hiru ekintza dituzte prestatuta datozen egunetarako, gaur bertan hasita. Hotz Legazpi elkarteak legazpiarrek emandako patata tortillen pintxo solidarioak salduko ditu 19:00etatik aurrera Kale Nagusian, Ilintik antolatutako Udafest jaiaren testuinguruan, eta herriko hainbat idazle izango dituzte ondoan elkartasun helburuarekin liburuak banatzen.
Hurrengo asteko ostegunean, uztailak 16, elkarretaratzea deitu dute 19:00etarako, Kale Nagusian (Rural Kutxaren bulegoaren aurrean, ” Kubako herriari elkartasuna adierazteko eta jasaten duen blokeoa salatzeko”.
Eta uztailaren 25ean, larunbatarekin, jaialdi solidario bat ospatuko dute Nafarroa kalean. Jaialdia 12:30ean hasiko da, eta musika emanaldiak eta Kubako janari eta edariak izango dira.












