Zirkua eta antzerkia gaur Legazpin, Uztakaleren eskutik
Zirko Txosko taldeak 'Oh-Pera' ikuskizuna eskainiko du Euskal Herria plazan, 19:00etan. Bihar, zinema emanaldia eskainiko dute Laubiden.
Uztakale programaren gaurko proposamenak zirkua eta antzerkia uztartzen ditu. Zirko Txosko bikoak Oh-Pera ikuskizuna eskainiko du 19:00etan, plazan.
“Iruditik istorioak kontatu, espazio berriak sortu, dena eraldatzen da, ezer ez da berdin… ez kanpoan, ezta barnean ere… bizitzan bezala Oh-Peran egonkortasuna ez da existitzen!!!” diote antzezleek. Bi pertsonaia horiek sortutako mundu bat erakutsiko dute, etengabe eraldatzen dena… “Mundua, oinarrizko piezaz osaturik dago, eta gurea, unibertso ezberdinak sortzeko gaitasuna duten kutxaz beterik dago! Kutxa hauei esker, ezinezkoa den guztia, egi bihurtu daiteken mundu magiko batera bidaiatzeko aukera izango dugu”. Eta mundu hori, “emozio, arrisku, aukera eta ilusioaz beteriko unibertsoa” da.
Antzezlan osoan zehar, zirku teknikak oso modu berritzailean azalduko dira, ikuskizunaren dramaturgiaren barnean guztiz integraturik. Show “berezi eta guztiz originala” izango dela iragarri dute.
Bihar, zinema
Bihar, berriz, zinema emanaldia izango da Laubideko kale nagusian, 19:30ean. Haurrei zuzendutako Migrazioa: Bidaia ahaztezina da eskainiko duten filma.
Mallard familia putzuan geratu da. Aita Mackek bere familia Ingalaterra Berriko urmaelean zaintzea atsegin du, baina ama Pamek gogo handia du bizitzaz gozatzeko eta bere seme-alabei mundua bere osotasunean erakusteko. Ahate migratzaile familia bat leku urrunetako istorio zoragarriekin iristen da urmaelera eta orduan Pamek Mack konbenzitzea lortzen du Jamaika tropikalera bidaiatzeko, New Yorketik pasatuz. Mallard-tarrak hegoaldera doaz negua igarotzera, baina gauzak ez dira espero bezala ateratzen. Esperientziak bide ezezagunak aurkitzen, lagun berriak egiten, inoiz imajinatu ez zituzten abenturak bizitzen eta, bide batez, elkar hobeto ezagutzen lagunduko die.













