‘Aberriak eta atzerriak’ kontzertua Latxartegi aretoan izango da
Ostegunean, 19:00etan izango da hitzordua Jokin Lasa, Kaki Arkarazo eta Pello Ramirezekin. Uztakale programako emanaldia da.
Jokin Lasak, Kaki Arkarazok eta Pello Ramirezek osatzen dute 'Aberriak eta atzerriak' proiektua Uztakale programak bihar ostegunerako iragarrita zuen Aberriak eta atzerriak musika emanaldia tokiz aldatu dute, eguraldi iragarpenek eraginda. Jokin Lasak, Kaki Arkarazok eta Pello Ramirezek Latxartegi aretoan joko dute 19:00etan, eta ez Agirre-Etxeberri parkean, hasieran aurreikusita zegoen bezala.
Aldaketak aldaketa, aurtengo Urmuga jaialdian parte hartuko duen ekitaldi bat Legazpira iritsiko da behintzat. Adin guztietako publikoarentzat izango da kontzertua.
Euskal kantautore eta sortzaile esanguratsua da Jokin Lasa. 1970eko hamarkadatik ari da euskal kantagintzan lanean, besteak beste Jokin eta Josu izenarekin. Herri memoria, identitatea eta literaturarekiko lotura estua landu izan ditu bere lanetan. Aberriak eta atzerriak da bere azken proiektuan ere hiru elementu horiei heldu die, gerraurreko sei poetaren olerkietan oinarritu baita lana osatzeko: Telesforo Monzon, Lauaxeta, Orixe, I. Zaitegi, Lizardi eta P. Markiegi. Haien testuak musikatu eta zortzi abestitan bildu ditu.
Zeregin horretan hiru musikari igoko dira oholtzara. Jokin Lasa bera da bat, ahotsa eta gitarrarekin. Kaki Arkarazok gitarrarekin lagunduko dio, eta Pello Ramirezek, txeloa eta akordeoia joko ditu. Aberriak eta atzerriak egitasmoko zortzi abestiekin batera, 1970eko hamarkadan ezagunak egin ziren Nire herria bezala diskoko batzuk ere eskainiko dituzte.













