Aztirian Santa Marina jaien atarian daude
Ostiraletik igandera ospatuko dira, aldaketa txiki batzuk kenduta, ohiko egitarauarekin. Kanariar irletako dantzak dira berriak aurten, autobus zerbitzua indartzearekin batera.
Gabiriako Goruntz taldeko dantzarien eta txistularien emanaldia, Aztiriako jaietako ezinbesteetako bat.Aimar Maiz Legazpi, Gabiria eta Mutiloa. Hiru herriko lurretan banatuta dago Aztiria, baina auzoko kaskoa eta baserri eta etxe gehienak Legazpi eta Gabiria artean daude kokatuta. Hori dela eta, bi udalerri horietako udalen laguntza jasotzen dute urtero auzotarrek Santa Marina jaiak antolatzeko.
Auzoko zaindaria da Santa Marina, eta uztailaren 18a da bere eguna, larunbata. Horren inguruan antolatu dituzte aurten ere festak, ostiralean hasi eta igandera arte luzatuko direnak. Aztiri-Bat elkartea dadago antolatzaile nagusia, eta hainbat auzotar eta laguntzaile ditu ondoan. Guztien artean, ekitaldiz beteriko jai asteburua prestatu dute.
Aldaketak eta berritasuna
Ohiko egitaraua dute aurtengo Santa Marina jaiek, eta ezkil joaldiarekin hasiko dira ostiral arratsaldean, eta Elustondo anaia-arreben trikiti doinuekin amaitu igande iluntzean. Tarte horretan betiko ekitaldiak izango dira, tartean berritasunen bat, eta aurten 20. ediziora iritsiko den mendi lasterketa.
Aldaketa batzuk egin dituzte, ordea. Batetik, herri kirol erakustaldia igandetik larunbatera aldatu dute, eta lau aizkolari ariko dira, binakako desafioan: Josu Ibarguren eta Xabier Dorronsoro batetik, eta Joanes Izagirre eta Haritz Gonea bestetik. Festetako beste elkargune jendetsua den patata tortilla lehiaketa larunbatetik igandera pasatu dute, eta larunbat gaueko bertso afarian ere bertsolariak aldatu dituzte, eta Aitor Mendizabal eta Iker Zubeldia ariko dira aurten.
Jaietan, azkenik, bada berritasun bat, Kanariar irletako dantzak izango direlako. Legazpiko Sustraiak taldearekin trukea egin dute Tenerifeko Danza de las Flores de Tegueste taldekoek, eta emanaldia Aztirian egingo dute larunbat arratsaldean.
Autobusak Legazpitik
Gertutasunagatik edo erraztasunagatik, aztiriarrek lotura berezia dute Legazpiko herrigunearekin, baita legazpiarrek auzo horrekin ere. Hori dela eta, azken urteetan bezala, Legazpiko Udalak Junetorri autobusaren zerbitzu berezia jarri du auzoko jaietara joateko eta handik herrira itzultzeko. Jaien antolatzaileek autobus hori erabiltzeko eskaera egin dute, bereziki igande goizeko mendi lasterketarako.
Larunbatean, Junetorri 17:30ean, 19:00etan eta 20:30ean aterako da Urtatzako geralekutik, eta ohiko ibilbidea egingo du Aztiriraino joan aurretik. Handik, 18:15ean, 19:45ean eta 21:15ean izango da itzulera.
Igande goizean, berriz, Azokatik abiatuko da 09:00etan hasi ea 14:00etaraino, ordu erdiro, eta itzulera 09:15etik 13:45eraino izango da, ordu erdiro hori ere. Arratsaldean Urtatzatik aterako da, 17:30ean, 19:00etan eta 20:30ean, eta Aztiriatik 18:15ean, 19:45ean eta 21:15ean.
EGITARAUA
Ostirala
19:00. Ezkil joaldia eta etxafleroen jaurtiketa.
19:00. Bola-toka, auzokoentzat.
21:00. Afaria Aztiri erretegian.
23:00. Dani Oiarbide eta Aritz Markinez trikitilariak.
Larunbata
11:00. Meza. Hamaiketakoa Aztiri Bat elkartean auzoko musikariekin.
18:00. Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak.
18:30. Teguesteko Loreen Dantza, eta Sustraiak dantza taldea.
18:30. Umeen aurpegi margotzea.
19:30. Aizkora desafioa: Xabier Dorronsoro-Josu Ibarguren eta Joanes
Izagirre-Haritz Goena.
21:00. Bertso afaria Aztiri Bat-en: Iker Zubeldia eta Aitor Mendiluzerekin.
23:00. Erromeria.
Igandea
09:00. Goiz eresia Gabiriko txistulariekin.
10:30. Aztiriko XX. mendi lasterketa. Egun osoan, Elustondo trikitilariak.
12:30. Auzoko nagusienari omenaldia.
12:45. Sari banaketa.
13:00. Gabiriako Goruntz dantza taldearen emanaldia.
18:00. Herrialdeko bolatea.
18:00. Aztiriko 29. Patata tortilla lehiaketa. Ondoren, sagardoa, ardoa eta tortilla eta txistorra pintxoak.
Iluntzean. Elustondo anai arrebek alaituta topa festei amaiera emanez.













