EuskarAbenturak sartu-irtena egin du beste behin Goierrin
Atzo arratsaldean iritsi ziren Zerainera eta bertan lo egin eta gero, Ormaiztegin eta Beasainen geldialdia eginda, Tolosara joan dira trenez gaur.
EuskarAbenturako espediziokideak astearte iluntzean Zeraingo plazan, afaritarako prest. Hitza Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, Goierrin geldialdia egin dute aurten ere EuskarAbenturako gazteek. Astearte arratsaldean iritsi ziren Zerainera eta bertan gaua igaro eta gero, Ormaiztegira jo zuten asteazken goizean, ekimenaren babeslea den Irizar enpresaren aurrean taldeko argazkia egiteko. Ormaiztegitik oinez joan ziren Beasainera eta bertan bazkaldu eta gero, trena hartu zuten Tolosara bidean.
Uztailaren 1ean hasi eta 31ra bitartean, Euskal Herriko zazpi herrialdetako eta diasporako 130 gazte Euskal Herria zeharkatzen ari dira oinez, etapaz etapa, Atharratzetik (Zuberoa) Getxora (Bizkaia) bitartean, 8. EuskarAbentura espedizioan. Guztira, 650 kilometro osatuko dituzte. Tartean, bost goierritar jzioquitar —abenturan parte hartzen ari diren gazteak— daude; Ekai Gutierrez eta Lorea Zabaleta beasaindarrak; Amets Aiastui eta Saioa Alonso zumarragarrak, eta Aiora Jauregi ataundarra. June Fernandez de Lezea Murua zumarragarrak hirugarren aldiz errepikatu du aurten begirale lanetan, aurretik jzioquitar ere izan zen urte batez.
Araiatik (Araba) barrena iritsi ziren espediziokideak Zerainera asteartean, 21,9 kilometroko etapa osatu ostean. Aizkorri-Aratz parke naturalean, San Adriango kobazuloan egin zuten geldialdia lehenago. Zegaman bazkaldu eta gero, Zerainera iritsi ziren arratsaldean ia espedizioaren erdigunera iritsita.
Entsaladak, Euskaberren arrautzekin egindako patata tortillak eta Lumagorriren oilasko izterrak eskaini zizkieten zeraindarrek afaltzeko. Garinen bizi den Jon Montes, Monty, ‘El Konkis’ saioko irabazlea ere Zerainen izan zen ikurriña eta guzti eta nahi zuenak harekin argazkia ateratzeko aukera izan zuen. Afalosteko bertso saioa ere klasiko bat da Zerainen eta aurten Igor Elortza eta Erika Lagoma izan dira gonbidatuak.
Lehendakariaren harrera
Zeraingo frontoian lo egin eta gero, oinez egin dute gaur goizean Ormaiztegira arteko bidea. Iaz bezala, ekimenaren babesle den Irizar kooperatibaren egoitzaren aurrean taldeko argazkia atera dute 10:00etan. Babesleen ekarpena «ezinbestekoa» da proiektuarentzat, haien ekarpen ekonomikoari esker gazteentzat kostu ekonomikorik ez duen espedizioa antolatu baitute, beste behin.
Ormaiztegitik Beasainera joan dira gero eta bertan trena hartuta Tolosara abiatu dira eguerdia aurretik. Gaztemunduri Ateak Ireki programaren baitan Goierrin eta Busturialdean egonaldia egiten ari diren diasporako 50 gazteekin elkartuko dira arratsaldean Tolosan eta harrera egingo die Imanol Pradales lehendakariak. Ibilbidearen erdia eginda, abenturaren azken txanpa dute oraindik aurretik.



























