Diasporako gazteen agurra Seguran izango da larunbatean
Bisita gidatua, bazkaria eta erromeria antolatu dituzte. AEBetako eta Kanadako 22 gazte daude Goierrin.
Euskal dantzen inguruko saio bat jaso zuten gazteek Ordiziara egindako bisitan. Peio Zama Amaitzear da euskal diasporako gazteen hiru asteko egonaldia eta larunbat honetan agur festa egingo diete Seguran. Gaztemunduri Ateak Ireki programaren baitan, diasporako 50 gazte ari dira parte hartzen aurtengo edizioan, Goierriko eta Busturialdeko (Bizkaia) hainbat familiatan banatuta. Gaztemunduri Ateak Ireki lehenengo aldiz egin da aurten, aurretik martxan zeuden Gaztemendu eta Ateak Ireki proiektuen baturatik sortuta. Ekainaren 29an harrera ofiziala egin zieten Beasaingo Igartza jauregian.
Gaztemunduri Ateak Ireki «harremanak sortzeko proiektu» bat dela azpimarratu du Ander Elordui koordinatzaileak. Lehenengoz bi eskualdetan banatuta egiten ari dira egonaldia 18 eta 25 urte bitarteko 50 gazte, «Goierrin Amerikar Estatu Batuetako (AEB) eta Kanadako 22 gazte daude eta Busturialdean, lehenengo aldiz hartu dute parte programan australiar, argentinar eta uruguaidarrek, 28 guztira», zehaztu du.
Euskara ere bada ekimenaren ardatz nagusietako bat; Goierriko taldeak Lazkaoko Maizpide barnetegian jaso ditu euskara eskolak eta Busturialdekoak Zornotzako barnetegian. «Euskara eskolak dituzten egunetan arratsaldean saio ezberdinak izanten ditu talde bakoitzak bere eskualdean, izan herri kirolak, bertsolaritza, euskal kantugintza edo inguruko herri eta museoetara bisitak», azaldu du. Astean birritan, bi eskualdeetako taldeak elkartu egiten dira, egun osoko irteera bat egiteko.
Euskal Herrian barrena
Egonaldia hasi denetik Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzeko aukera izan dute programan parte hartzen ari diren gazteek, «ez bakarrik diasporatik etorri direnek, baita bertako familietako gazteek ere; modu horretan uste dugu sare indartsuagoak sortzen direla». Iruña, Bilbo, Donostia edo Urdaibain izan dira elkarrekin eta Nafarroako gobernua, Bilboko Euskal Museoa, Etxepare institutua, Basque Culinary Center edo San Juan de Gaztelugatxe ezagutzeko aukera izan dute, besteak beste. Gaur, esaterako, Tolosara joango dira Euskarabeturako gazteekin bertan elkartzeko. Atzo iritsi ziren Euskarabenturako gazteak Zerainera eta gaur, Ormaiztegitik eta Beasaindik igarota iritsiko dira Tolosara. Imanol Pradales lehendakariak harrera egingo die bertan.
«Egonaldiak euskaldunon ikuspegia aldatzeko balio diete. Ideia argiago batekin itzultzen dira»
Ander Elordui. Gaztemundura ateak ireki ekimeneko koordinatzailea
Talde bakoitzak bere eskualdea ezagutzeko aukera ere izan du bakoitzak bere aldetik. Hala Goierrikoak Ordiziako azokan izan dira, baita Ataungo Barandiaran museoan ere; gainera Gari Garmendia harri jasotzaile idiazabaldarren eskutik herri kirol saioa ere egin dute eta Ataunen esku pilotan sakontzeko aukera ere izan dute. Aste honetan, Ezkioko Igartubeiti baserri museoa eta Ormaiztegiko Zumalakarregi bisitatuko dituzte.
Gazteen profila
Goierrira etorri diren gazte guztiak AEBetako jatorria dute, Kanadako neskato batek izan ezik. Denek dute euskalduntasunarekin harremanen bat, «izan odol artekoa, izan jatorrizko Euskal Etxeetan parte hartzen dutelako edo unibertsitatean euskal kultura klaseak jasotzen dituztelako». Talde erdia lehenengo aldiz etorri da Euskal Herrira, beste erdia, «batzuk familia dutelako edo interes propioagatik aurretik egonak dira. Batek salbu, inork ez zuen euskara hitz egiten».
Mota honetako programek bertako eta kanpoko herritarren arteko sareak sendotzeko balio izateaz gain, Euskal Herriaren inguruko ezagutza zabaltzeko ere baliagarriak dira. «Hiru asteko egonaldiak euskaldunon ikuspegia aldatzeko balio diete, ideia argiago batekin itzultzen dira. Gazte batzuk euskara ikasteko itzultzen dira eta beste batzuk aktiboagoak bilakatzen dira jatorrizko lekuetako Euskal Etxeetan». Harreman hauei esker, aurten, gazte euskaldunak AEBetara bidaltzeko aukera ere izan dute, «hiru asteko egonaldia egiten ari dira Los Angelesko udalekuetan, begirale bezala lanean. Helburua da datorren urteari begira Argenitarekin eta Australiarekin horrelako zubiak zabaltzea».
Seguran eta Mendatan
Larunbaten amaituko da aurtengoa. Goierriko taldeak Seguran egingo du agur festa eta Busturialdekoak Mendatan. Eguerdian, 12:00etan Segura bisitatzeko ibilaldia dute prestatuta eta ondoren, 14:00ak inguruan, bazkaria egingo dute. Festa giroan amaituko dute ekitaldia erromeri batekin.
Argazkiak: PEIO ZAMA



























