Potxak hasi dira, urteroko garai bertsuan aurten ere
Klaudia aranarekin eta madariarekin, geroz eta fruta gehiago dago ferian.
Ostiralean hasiko diren Santa Ana jaietarako banderatxoekin apaindutako Plaza Nagusiak hartu ditu gaur Ordiziako azokako saltzaileak. Festa usaina nabaritzen hasita dago herrian, baita abuztuko oporren gertutasuna ere. Eguraldi grisarekin joan da goiza, baina beroak agindu du gaur ere Goierriko herri honetan, produktu berri batzuen aurkezpenarekin batera.
Aurtengo tenperatura altuek bestelakorik izango zela pentsa arazten bazuten ere, potxak edo indaba zuri freskoak ohiko garaian iritsi dira aurten ere Ordiziako feriara, egun batzuk lehenago akaso. Patxi Arizmendik jarri ditu salgai urteko lehenak gaur goizean, kiloa 13 euroan. Kaxa bat besterik ez du eraman aramarrak, oraindik gutxi dagoelako, eta goiz erdialderako gehienak salduta zituen dagoeneko. Bezero batek esan du hemen ez dagoela potxak jateko ohitura handirik, are gutxiago horrelako beroarekin, baina salmentarenmartxa ikusita, lekale horrek zaletuak badituela ezin da ukatu.
Potxak baino estimazio handiagoa izaten du frutak garai honetan, oraintxe delako hori jateko garairik onena, freskoa dagoen bitartean behintzat. Aranak dira Plaza Nagusian izarrak azken asteetan, mota asko eta ugari daudelako. Gaurtik, gainera, Klaudia motakoa ere erosi daiteke. Altzagako Arantxa Lopetegik eramanda, iloba Maria Jesus Oriak izan ditu salgai, kiloa 3 euroan. Lopetegiren postua, bestetik, ikusgarri zegoen aran eskaintzarekin. Klaudia sartuta, bi gorri eta beste berde bat ere bazituen aukeran.
Eta aranen ondoan, beste kaxa batean, urteko lehen madariak ere izan ditu salgai, «etxekoak», azaldu duenez, izenaren berri ez zekiela onartuta. Kiloa 2,5 euroan jarri du.
Aretxabaleta tomatea, eta alkatxofa zuztarra
Aranak ugari badaude, zer esan tomateari buruz. Ia postu guztietan dago salgai, Jack motakoa eta negutegikoa, «kanpoan oso gutxi egiten da hemen» esan duelako behin baino gehiagotan ekoizle batek. Gaur Aretxabaleta motakoa ere jarri dute salgai, negutegikoa hori ere. Iñaki Intxaustik aurkeztu du, kiloa 6,5 euroan, eta azkar batean saldu ditu guztiak.
Orain garaia ez bada ere, alkatxofak edo orburuak ere aipatu behar dira. Neguko produktua da hori, baina orain da zuztarrak landatzeko garaia. Azken urteetan bezala, Ibarrako Iguategiko Esther Illarramendik ditu salgai, bakoitza 1,20 euroan.
Perretxikoan eskaintza, bestalde, nahiko eskasa izan da beste behin. Lasaren eta Barcinaren postuen artean, 50 kilo onddo (28.34 euroan kiloa) eta 24 kilo ziza hori (25-30 euro) besterik ez dituzte eskaini.
Arrautzak, gutxiago eta garestiago
Beroak, baratzean ez ezik, animaliengan ere izaten du eragina. Hala azaldu du gaur goizean Patxi Atienzak, arrautzei buruz galdetuta. Arrautza handiak, XL tamainakoak oso gutxi dituela esan du, oiloek gutxiago erruten ari direlako azken egunetan, beroaren erruz. Garestitu egin direla ere esan du. Hala, XL arrautzen dozena 4,20 euroan du, L tamainakoak 3,30 euroan eta M tamainakoak 3 euroan.
Atienzak, bestalde, oporren gertutasuna nabaritzen hasia dela ere esan du, salmentak jaisten hasi zaizkiola. Urtero gertatzen zaiola azaldu du, “batzuk joan dira oporretara, eta hemen daudenak oraindik, kanpoan jan eta afaltzen dute gehiago, eta etxerako gutxiago behar dute”. Udako garai honetan “beste erritmo bat” egoten dela dio.




















