San Ignazio eta San Martin auzoak hobetzeko lanak hasi ditu udalak
Bi auzoetako bidegurutze nagusia berrantolatuko dute oinezkoen segurtasuna bermatzeko, irisgarritasuna hobetzeko eta ibilgailuen zirkulazioa egoki antolatzeko. Legazpi Auzoetatik ekimenean du sorrera proiektuak.
San Ignazio eta San Martin auzoetan hobekuntza lanak egiten hasi da Legazpiko Udala. Lanen helburua oinezkoen segurtasuna bermatzea, irisgarritasuna hobetzea eta ibilgailuen zirkulazioa egoki antolatzea da.
Egingo duten lanetako bat auzoko bidegurutze nagusia berrantolatzea da, puntu itsuak ezabatzeko, eta horretarako edukiontzien, aparkatzeko plazen eta ispiluaren kokapena egokituko dute. Inguru horretan oinezkoentzako pasabide segurua ere sortu nahi dute, bide hori espaloia eta piboteen bidez bereizita. Aparkalekuan, berriz, ibilgailuen norabidea markatuko dute, bide-seinaleak argi adierazita. Bestalde, San Ignazio 5eko bidegurutzean, San Ignazioko aldapan eta San Martineko arkupeko irteeran eta sarreran txintxetak jarriko dituzte errepideko zoruan, ibilgailuen abiadura moteltzeko. Aurrerago barandak jarriko dituzte San Ignazioko patioko itxituran, eta San Martineko aparkalekuko horman, zebra-bide berria egiten denean.
Inguru horretan guztian zorua egokitu ostean, bide-seinaleztapen eta pintaketa lanekin borobilduko dute obra. Paskin Seinalizazioak S.L. enpresak egingo ditu seinaleztatze lanak, 5.895,42 euroko aurrekontuarekin.
Lan hauekin, San Inazio eta San Martin auzoek oinezkoentzako espazio seguruagoa eta irisgarriagoa izango dute datozen asteetan, herritarrekin elkarlanean landutako proiektu bati esker.
Legazpi Auzoetatik
Izan ere, proiektu honek Legazpi Auzoetatik herritarren parte-hartze ekimenean du jatorria, hain zuzen, udal ordezkariek auzo horietako bizilagunekin iazko urriaren 30ean izandako bileran. Saio hartan 13 pertsonak hartu zuten parte, eta auzoen beharrak identifikatzeko 38 ekarpen egin zituzten.
Horrela zehaztu zituzten egin beharreko lehen lanak, baina udalak bizilagunekin adostuta definitu ditu, lehen bilera haren ondoren egindako beste bi saiotan.














