Kanariarrak eta Botanz aita-semeak, Legazpin
Kanariar irletako txistua, dantza eta musika ezagutzeko aukera izango da asteburuan. Sustraiak dantza taldea eta Alaitasuna errondaila dituzte anfitrioi nagusiak.
Legazpiko eta Kanariar Irletako folkloreak eta kulturak bat egingo dute asteburuan, Sustraiak-Raices proiektuaren eskutik. Uztakale programaren barruan eta Aztiriako jaietan bi herrialdeen arteko lotura agerian utziko duten jarduerak izango dira ostiraletik igandera.
Tenerifen bizi den Rogelio Botanz legazpiarra eta hemengo Sustraiak dantza taldea izan dira konektoreak, eta topaketa honetako adierazpenak, bi herrialdeetako dantza eta musika, hango txistua eta hemengo txalaparta.
Sustraiak eta Tegueste
Iaz Sustraiak taldeak Goiz Deia bandarekin Kanarietara egindako bidaian dago proiektuaren abiapuntua. Dantzariek 50. urteurrena ospatzeko, bidaia bat egin nahi zuten, eta aurretik ezagun zuten Rogelio Botanzekin jarri ziren harremanetan. Abeslariak gustura hartu zituen, eta bi kulturen arteko trukea helburu, emanaldiak antolatu zizkien, eta Tegueste herriko dantzariekin harremanetan jarri zituen, han egiten duten Loreen dantza eta Legazpiko ezpata-dantzaren paralelismoan eta antzinatasunean oinarrituta.
Orain bisita itzultzera datoz kanariarrak Legazpira, Botanzek Uztakalerekin lortutako konpromisoari esker. Botanz Las Percuteras de Garaldea bere musika taldearekin dator, eta Alaitasuna Errondailarekin batera kontzertua egingo du larunbat eguerdian. «Lotura berezia dut talde horrekin, gitarra jotzen errondailarekin ikasi nuen!», gogoratzen du.
Kontzertu horren testuinguruan, omenaldia egingo dio 100 urteko aitari, Rogelio izenekoa hori ere. Olaztikoa jaiotzez (Nafarroa), Legazpin bizi zen 2019an Tenerifera joan arte. «100 urte dituen arren, indartsu dago, eta betiko musikazaletasunari tinko eusten dio. Tres piedras negras abestuko dugu elkarrekin, errondailak lagunduta. Ilusio handia du, baita nik ere».
Txistua eta txalaparta
Topaketa honetan Gomerako txistuak eta txalapartak ere izango dute tokia, «biak komunikatzeko bideak direlako, txalaparta orain musika tresna bihurtuta badago ere». Botanzek badaki Gomerakoek bezala txistu eginez hitz egiten, eta legazpiarrei erakutsiko die nola egiten duen, Adelma Mendez adituak lagunduta. Txalaparta, berriz, Legazpiko Sutan-Ttakun taldeak joko du.
EGITARAUA
Ostirala, hilak 17
Hitzaldia. Gomerako txistua, Adelma Mendezek azalduta. Kale Nagusiko beheko plazatxoan, 19:00etan.
Larunbata, hilak 18
Kontzertua eta omenaldia. Rogelio Botanz eta Percuteras de Garaldea taldea, Alaitasuna errondailarekin batera. Kontzertuan omenaldia egingo diote 100 urte dituen Rogelio Botanz aitari. Euskal Herria plazan, 12:00etan.
Dantza emanaldia. Teguesteko Danza de las Flores edo loreen dantza, eta Sustraiak dantza taldea. Aztiriako jaietan, 18:30ean.
Igandea, hilak 19
Dantza, txistua eta txalaparta. Teguesteko loreen dantzaren emanaldia, eta Gomerako txistu eta txalaparta erakustaldiak. Euskal Herria plazan, 12:30ean.













