Arropa-azoka solidarioa Kukue tabernan larunbatean, festa giroan
Bezeroek tabernan galdutako eta utzitako arropa salduko dute. Lortutako dirua Hotz Legazpi elkarteari emango diote. Musika, jatekoa eta edari bereziak izango dira goiz eta arratsaldez taberna inguruan.
Elkartasun eta festa eguna izango da biharkoa Kukue tabernan eta inguruetan. Bigarren eskuko arropa azoka egingo dute egun osoan zehar, musikaz, jatekoaz eta edatekoaz lagunduta. Legazpiarrei «plan paregabea» proposatu diete horrela tabernako arduradunek.
Bezeroek tabernan ahaztuta utzitako arroparekin egingo dute azoka batez ere. Tarteka, sare sozialen bidez iragartzen dute arropa gordeta dutela, eta jabeei jasotzeko eskatu. Batzuk jasotzen dute, baina beste batzuk ez, eta horrela, pila bat osatzera iritsi dira. Horri irtenbidea emateko, salgai jarri eta ateratako dirua helburu solidario batera bideratzea pentsatu zuten. Hotz Legazpirekin jarri ziren harremanetan, eta gustura hartu zuten proposamena. Hala, arropa hori, eta egun hauetan espresuki azokarako eman dutena saltzetik ateratako dirua, elkarte horri emango diote, baita soberan geratuko dena ere.
Azoka taberna barruan egingo dute, 12:00etatik 22:00ak arte. Prezio sinbolikoak izango dira.
Musika, jatekoa eta edaria
Azoka solidarioak osagarri ugari izango ditu, kanpoan jarriko dituzte musika eta jatekoarekin, eta taberna barruan eskainiko duten edatekoarekin.
Musika Woolen DJ-ak jarriko du, bi txandatan. Hasteko, 13:00ak eta 15:00ak bitartean egongo da, eta gero, 18:00etatik 22:00ak arte.
Jatekoa, berriz, Atsegin-Zuia janari furgonetaren esku egongo da, hanburgesa eta bestelako platerekin. Taberna inguruan egongo da jarrita, eta bazkariak eta afariak eskaintzeko asmoa du.
Edaria ere ezinbestekoa izango da festa egun honetan, eta hori tabernaren ardura izango da. Betiko edariak eskaintzeaz gain, edari bereziak ere izango dira, eta horrela, duela gutxi egin duten instalazio berria aurkeztuko dute. Barra gainean zituzten ‘kañero’ batzuk kendu eta paretan jarri dituzte, batez ere garagardo bereziei eta artisau eran egindakoei eskainita. Baina instalazio horretan badira hiru iturri bihar irekiko dituztenak. Batean rebujitoa dago, beste batean udako tintoa eta hirugarrenean, bermuta.














