Aktibatu Legazpi egitasmoak frutaren astearen balorazio positiboa egin du
Udako etenaldiaren ondoren, gaixotasun kronikoei eskainiko die hurrengo kanpaina udalak herritarren jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak bultzatzeko martxan harritako proiektuak.
Garaguneko kideek parte hartu dute Frutaren Astean Legapzin maiatzaren 25etik 31ra bitartean egin zuten Frutaren Asteak balorazio positiboa jaso du antolatzaileen aldetik. Udalak herritarren artean elikadura-ohitura osasungarriak sustatzeko eta fruta-kontsumoa bultzatzeko helburuarekin egindako kanpaina da, eta Aktibatu Legazpi egitasmoaren barruan kokatzen da.
Frutaren Asteak hiru urratseko dinamika izan zuen: fruta ale bat jaso zuten herritarrek, eta horrekin batera, fruta kontsumitzearen onuren berri eman zieten, eta eguneroko ohiturak neurtzeko galdetegi bat betetzeko gonbita luzatu zieten. Lan horretan ezinbestekoa izan zen Garaguneko erabiltzaileen laguntza, fruta herriko hainbat gunetan banatu zutelako. Bikuña kiroldegian, Osasun Zentroan eta Gizarte Zentroan banatu zuten fruta.
Kanpainak “harrera bikaina” izan zuela jakinarazi dute antolatzaileek, eta guztira 300 lagun inguruk parte hartu zutela. Partaideetatik gehienak emakumeak ziren, %70, eta batez besteko adina 49,37 urtekoa izan zen. Jasotako datuek legazpiarren ohitura osasuntsuak agerian utzi dituztela ere esan dute: “30 lagunek adierazi zuten egunean fruta ale bat edo bat ere ez dutela kontsumitzen; 77 lagunek egunean bi fruta ale jaten dituztela esan zuten; eta gehiengo zabal batek, 184 lagunek hain zuzen ere, egunean hiru fruta ale edo gehiago kontsumitzen dituztela ziurtatu zuten, nutrizio-gomendio nagusiekin bat eginez”.
Aktibatu Legazpi eta gaixotasun kronikoak
“Arrakasta handiko” Frutaren Astea herritarrak aktibatzeko asmoz udalak martxan duen Aktibatu Legazpi egitasmo zabalago baten barruan kokatzen da. Herritar guztiei zuzendutako egitasmoa da, doakoa, “bakoitzaren gaitasun eta zailtasunetara egokituz bizi-ohitura aktibo eta osasuntsuagoak sustatzea” helburu duena.
Aktibatu Legazpiren helburu nagusia “legazpiarren ongizatea hobetzea” da, “komunitate indartsuago, osasuntsuago eta parte-hartzaileago baten bidez”.
Helburu horren lorpenean, hainbat lan egin dituzte orain arte. Hala, urteko lehen hiruhilekoan, jarduera fisikoa hartu zuten ardatz, eta partaidetza handia izan zuen igerilekuko erronka burutu zuten, besteak beste. Urteko bigarren lanketa Frutaren Astearena izan da, eta udako atsedenaren ondoren, hirugarren kanpainari helduko diote, oraingoan gaixotasun kronikoei helduta.













