Kartoizko arbelean artelanak egiteko aukera larunbatean, Fabrikan
Txillidaren tailerra izango da abiapuntua. Familia osoari zuzendutako jarduera da, eta izena eman behar da aurretik.
Lenbur Fundazioak Kartoizko arbela arte jarduera antolatu du larunbat honetarako, uztailak 25. Familian egiteko saioa izango da, eta Txillida Lantokiaren barruan dagoen Fabrika museoan egingo da, 17:00etan hasita, Zorione Mendez Martin artista eta sortzaileak gidatuta.
Parte hartzeko izena eman behar da aurretik, mirandaola@lenbur.com helbidean edo 943 73 04 28 telefono zenbakian. Prezioa 10 eurokoa da.
Txillidaren lanetik abiatuta
Zorione Mendez Martinek gidatuko duen jarduera honek Txillidaren lana izango du abiapuntua. “Demagun Eduardo Txillidaren tailer-estudioan gaudela. Demagun denok Eduardo garela eta sormen bete-betean murgilduta gabiltzala”, dio, kokatzeko. “Kartoziko arbela dugu gure aurrean eta bozeto lanetan gabiltza. Bakoitza berean eta aldi berean taldean. Eserita hasieran, zutik ondoren. Bitartean piezak aldatzen goaz, eta bozeto azkarrak egiten ditugu tarteka marrazkietan”.
Jarduera honetan manipulatzeko errazak diren elementuak erabiliko dituzte: neurri ezberdinetako kartoiak, guraizeak, papera, grafitoa, kola beroa, belkro itsaskorra eta kuterra. Helburua, berriz, arte diziplina ezberdinak lantzea izango da, “eta denok artistak garela sentitzea nolabait”. Hala, performancea, marrazketa eta sasi-eskulturak egingo dituzte, baita antzerkia eta jolasa ere. “Azken batean, Txillidaren lanak gerturatu eta banaka zein talde lanean interpretazio askeak egiteko beta izango dute partaideek. Autoezagutzako sormen ariketa bat ere bada. Esplorazio eta norbanako zein taldeko esperimentazio moduko bat. Ondo pasatuz, sortzea eta ongizatea indartzea azken finean”.













