Legazpiko udaletxeko arreta zerbitzuan tiket sistema jarri dute
Bulego kanpoaldeko makinan hartu beharko dute txartela herritarrek, eta barruan, pantaila batek adieraziko die txanda noiz iristen zaien eta egokitu zaien mahaia.
Legazpiko udaletxeko HAZ Herritarren Arreta Zerbitzuan tiket sistema jarri dute martxan gaur goizean, herritarrei “arreta ordenatuagoa, erosoagoa eta pertsonalizatuagoa eskaintzeko asmoz”. Sistema honekin, herritar bakoitzari bere tramitea egiteko behar duen denbora eta arreta ziurtatzea nahi dute, “itxaronaldiak modu lasaian eta antolatuan kudeatuz”.
Gaurtik aurrera, beraz, HAZen tramite bat egiteko, herritarrek tiket bat hartu beharko dute bulego kanpoaldean dagoen makinan, eta barruan jarri berri duten pantailan adieraziko zaie txanda eta zein mahai egokitu zaien.
Udal ordezkariek adierazi dutenez, sistema berri honekin herritar bakoitzak “arreta pertsonalizatuagoa, lasaiagoa eta etenik gabekoa” jasoko du. Orain arte bezala, herritarrek txandaren zain egon beharko dute, baina “abantaila batekin”, une oro jakingo dutelako noiz den euren txanda pantailari esker. Modu honetara, gainera “galdera azkarrak” edo “momentutxo bateko zalantzak” argitzeko egiten diren eteteak saihestuko dira, eta mahaian eserita dagoen herritarrari bere txanda errespetatuko zaio eta arreta osoa eskainiko zaio, inolako interferentziarik gabe.
Bulegoaren antolakuntza, erosotasuna eta konfidentzialtasuna hobetuko direla ere gehitu dute. “Espazioa modu ordenatuagoan erabiliko da, eta arreta-zerbitzuko beste atal batzuk ere hobeto antolatuko dira, adibidez, telefono bidezko deiek ere euren espazio eta tarte propioa izango dute, aurrez aurreko arretan eraginik izan gabe”.













