'Azkena, eta bagoaz', Trapu Zaharra agurtzeko antzezlana asteazkenean, Legazpin
Bihar 19:00etan eskainiko dute Laubide kalean, Uztakale programaren barruan. Kaleko antzerki taldeak lan honekin agurtuko du 44 urteko ibilbidea.
Antzerkia da Uztakale programaren biharko proposamena. Trapu Zaharra taldea gonbidatu du, eta Azkena, eta bagoaz antzezlana eskainiko du, 19:00etan, Laubiden.
Espe Lopezek zuzenduta, Mikel Laskurain eta Lierni Fresnedo dira aktore protagonistak. Bere momentu onenean ez dagoen kaleko komiko batek antzokira aldatzea erabakitzen duenean hasiko da istorioa. Saio honetan, antzerki klasikoko aktore batekin elkartuko da, eta Bost ordu Mariorik gabe antzezlana muntatzea proposatuko dio. Dirua biltzeko crowfunding bat antolatuko du, proiektu berriaren hiru eszena kalean irudikatuz.
Trapu Zaharraren agurra
Antzezlan honekin, agur esango dio 44 urteko ibilbideari Trapu Zaharra taldeak. Antzezlanak berak ere hala dio: azkena, eta bagoaz. Hauxe da kale antzerkiaren munduan aitzindari izan den taldeak kaleratu duen azken lana, eta kaleratuko duen azkena, gainera.













