Teguesteko loreen dantzak eta Gomerako txistuak Legazpi liluratu dute
Kanariar irletako folkloreak bete du asteburua herrian. Sustraiak taldeko dantzariak eta Sutan Ttakun txalapartariak izan dituzte lagun.
Uztakale programak Kanariar irletako folklorea ekarri du Legazpira asteburuan, Sustraiak dantza taldeak eta Goiz Deia txistulari bandak lagunduta. Tenerifeko Tegueste herriko dantza tradizionala eta Gomerako txistua izan dira protagonistak.
Legazpiko dantzariak eta txistulariak iaz Tenerifen izan ziren dantza taldearen 50. urteurrena ospatzeko antolatu zuten agenda zabalaren barruan. Bertan bizi den Rogelio Botanz abeslariaren bitartez, Teguesteko dantzariekin jarri ziren harremanetan, eta han egiten duten Loreen dantza ezagutu zuten.
Bi taldeen artean sortutako harremanaren emaitza da asteburu honetan kanariarrek egindako bisita. Teguesteko dantzariak Legazpin izan dira, eta hango Loreen dantza ekarri dute, eta bitan erakutsi dute, larunbat arratsaldean Aztirian Santa Marina jaien barruan, eta igande eguerdian, Euskal Herria plazan.
Rogelio Botanz ere dantzariekin etorri da, Percuteras de Garaldea bere perkusio taldearekin batera, eta horrek, Alaitasuna errondailarekin konpartitu duen musika ekartzeaz gain, Gomera irlan komunikatzeko erabiltzen duten txistua ere ekarri du eta erakustaldi pare bat egin ditu. Lehen erakustaldia ostiralean egin zuen, Adelma Mendez adituak lagunduta, eta bigarrena, igande eguerdian Sutan Ttakun txalapartariekin batera, dantzarien emanaldiaren testuinguruan.
Udalak harrera egin zien kanariarrei larunbat eguerdian, eta opariak trukatu zituzten.
ARGAZKIAK: Sustraiak dantza taldea


















