Ikaslab gune berria sortzeko lanak hasi ditu Olamendin Legazpiko Udalak
Ikasturte berrirako, erabilera anitzeko gune bat, ikas-entzunezkoak sortzeko beste bat, eta irratirako espazioa izango ditu eskolak.
Olamendi eskolan obretan hasi dira ikasleen oporrak baliatuz. Legazpiko Udalak Ikaslab espazio berria egokitu nahi du eraikinean, eta ikasturte berrirako martxan izatea espero du.
Ikaslab berriak ia 160 metro koadroko azalera izango du. Espazioaren zatirik handiena erabilera anitzeko gune ireki bat izango da, ikaskuntza kolaboratzailea, sormena eta proiektuetan oinarritutako lana sustatzeko diseinatua. Horrez gain, beirazko itxiturez bereizitako bi gune espezializatu ere egongo dira. Bat Kromaren gunea izango da, ikus-entzunezko edukiak sortzeko eta grabatzeko prestatua, eta bestea, Irrati gunea, ahozko komunikazioa, podcastak eta irrati-proiektuak garatzeko baliabideak izango dituena.
Lanak Antio enpresak egingo ditu, eta obra 165.548,47 euroko aurrekontuarekin esleitu dizkio udalak. Inbertsio hori posible izan da Eusko Jaurlaritzako Udaleraiki 2026 programari esker. Udalak inbertsioaren %60-a jasoko du, nahiz eta oraindik hitzarmena sinatu gabe dagoen.
Inbertsio honen bidez, Legazpiko Udalak hezkuntza-berrikuntzaren aldeko apustua indartu nahi du, “ikasleei teknologia, sormena eta lankidetza uztartzen dituen ikaskuntza-ingurune moderno eta malgua eskainiz”.












