Piper eta tomate festa lehertu da
Basaranak jarri dituzte salgai Zurutuza ahizpek, patxarana egiteko ohitura dutenen gozamenerako.
Aspaldiko egunetan euri tantarik erori ez bada ere, Goierriko eta inguruko baratzeak emankor daude baserritarrek ureztatzeko egiten ari diren ahaleginari esker, eta azokan izan du horrek isla. Gaur berritasun ugari iritsi dira, eta postuak garaiko produktuz beteta ikusi dira.
Tomatea izan da berritasun horietako bat, aire librekoa iritsi delako azkenik. Itsasoko Maria Jesus Oriak jarri du salgai, kiloa 5 euroan. Jack eta Robin motakoak zituen, baita urdinak ere, azaldu duenez, Galiziatik ekarritako hazietatik sortutakoak azken horiek. Gerezi motako tomatea ere iritsi da, ale txiki gorri eta borobilekoa. Sustrai Askeak elkarteko Natalia Magallanesek izan du hori, negutegian hazitakoa. Kiloka jarri du salgai, 8 euroan, baina baita 250 gramoko paketeak eginda ere, 2 euroan.
Magallenesek produktu berri gehiago ere aurkeztu ditu gaur goizean. Berenjena zuria izan da bat, eta kiloa 3,8 euroan jarri du salgai, morearen prezio berean. Bestetik, lekaren eskaintza urria zabaltzeko, leka borobila ere izan du aukeran, kiloa 10 euroan. Azken bi produktu horiek aire librean hazitakoak ziren, Bidaniko lurretan.
Piper horia eta berdea
Piperren atalean ere izan dira berritasunak. Pipermina, Gernika, italiarra, morroa eta luze berde gozoa bazeuden aurretik, eta gaur hasita, bi mota berri ere bai. Batetik, Biona haztegiko Iñigo Aranburuk piper zuri-horia aurkeztu du, kiloa 3,5 euroan; izen ezezagunekoa dela esan du, baina jatorri errumaniarrekoa dela uste duela gehitu du. Bestetik, Zeraingo Iñaki Intxaustik Kalifornia motako piper berdea jarri du salgai, kiloa 5,5 euroan.
Frutetan ere izan da berririk. Maite eta Arantxa Zurutuza ahizpek basaranak jarri dituzte salgai, oraindik patxarana etxean egiteko ohitura duten apurren gozamenerako. Kiloa 10 euroan jarri dute. Baratxuri buruak ere aurkeztu dituzte bi aramarrek, bakoitza 0,70 euroan.
Eta perretxiko eskaintza urria bada azken asteetan, gaur are urriagoa izan da Lasaren postuaren faltagatik. Barcinaren postuan 45 kilo onddo jarri ditute salgai, kiloa 19 eta 33 euro artean, eta sei kilo ziza hori ere bai, kiloa 22 euroan. Gorringo gutxi batzuk ere izan dituzte, baita boilurrak ere.




















