1936ko gerrako biktimak oroitzeko omenaldi ekitaldia egin dute Beasainen
1936ko uztailaren 27tik 28ra bitartekoa, gau beltza izan zen Beasainen: adin eta pentsamolde askotako 34 pertsona hil zituzten. Gaur oroimen-ekitaldia egin dute, fusilatuen oroitarrian.
Lore sorten eskaintzarekin amaitu da ekitaldia.Loinaz Agirre. 1936ko uztailaren 27tik 28ra bitartekoa, gau beltza izan zen Beasainen. Lizarrustitik, Etzegaratetik eta Otsaurtetik Beasainera iritsitako faxistek, adin, ideia eta izaera askotako 34 lagun hil zituzten. Hleburuak, “besteren artean, CAF lehenbailehen hartzea eta bidenabar herritarrak izutzea eta beldurra sartzea izan ziren”. Beasaingo Memoriaren Herri Ekimenak antolatuta, 2013az geroztik, uztailaren 27an, 19:00etan, oroimen ekitaldia egiten da, 1936ko uztailaren 27tik 28rako gauean 34 lagun fusilatu zituzten Albisu etxearen ondoan eraikita dagoen oroigarrian.
Hildako gehiago
Dena den, 1942ra bitartean beste hamasei hil zituzten, batzuek epaitu eta fusilatuta (5) eta beste batzuek (11) eraman eta nonahi hilda, preso eduki eta “iheslarien legea” aplikatuta. Beste hiru, beasaindarrak ez zirenak baina Beasainekin zerikusia zutenak, Beasaindik kanpo erailak izan ziren. Beste beasain bat langileen batailoietan preso zebilela, hango baldintzen ondorioz hil zen eta azkenik, jarraipen moduan, Nazien kontzentrazio eremu batean hildako beasaindar bat ere bada. Gainera, badira beste lau pertsona gerraren zeharkako eraginez hildakoak”.
Gaur ere, oroimen-ekitaldian elkartu dira berriz ere beasaindarrak, «Beasaingo memoria historikoa berreskuratzeko eta herrian emandako Gerra Zibilaren eta ondorengo frankismoaren biktimak omentzeko eta oroitzeko helburuarekin».
Familiei elkartasuna eta hurbiltasuna
Gaurko ekitaldian, batez ere, “hildakoen eta errepresioa jasan zutenen senideen eguna da. Familia horiek gure errespetu eta miresmen osoa merezi dute, beren senideei omen eginez eta urte luzez memoria bizirik mantentzeagatik. Hemendik, gure elkartasuna eta hurbiltasuna adierazi nahi dizkizuegu”.
Beste 34 hildako gogoan
Aurten gainera, «faxistak Beasainen sartu zirenean eta ondorengo egunetan eraginako sarraskian hildakoan izenak gogoratzearekin batera», oroimena zabaldu nahi izan dute, eta «Beasaingoak edo Beasainen bizi izan ziren beste gudari eta miliziano batzuk ere omendu nahi ditugu». Izan ere, «haiek ere faxismoaren aurka eta demokraziaren alde borrokatu ziren, eta hainbat frontetan, askotan beren etxe eta senideengandik urrun eta bizia eman zuten askatasunaren eta balio demokratikoen defentsan». Beste 34 izen gehiago batu dira hildakoen zerrendara.
Kartzelaratuak
Urte haietan kartzelatuko beasaindarrak ere 300dik gora izan ziren, eta “zigorrak, heriotza zigorretik hasi eta hilabeteetan inolako epaiketarik gabe kartzelan egotea bitartekoak izan ziren, edota, urteetan langile bataloietan, esklabo moduan sosik jaso gabe, lan behartuetan aritzekoak”.
Eta ezin ahaztu, “ilea zerora moztu eta errezino-olioa emanda erakusgai erabili ziuzten emakum errekurrietatik hasi, bortxatuekin jarraitu eta edozer gauzagatik isunak ordain behar izan zituztenetaraino, denetik aurka daiteke”.
Euskaraz hitz egitea ere debekatu zuten, “eta bat eta bi baino gehiago izan ziren horregatik isunak ordaindutakoak eta mehatxuak jasotakoak eta horien ondorioz seme-alabei, beldurrarengatik, euskararik irakatsi ez zietenak ere. Beren etxeak armadun altxatuek okupatu eta ahal izan zuten lekuan bizi behar izan zutenak ere badira”.













