Kubara argia bidaltzeko 12.000 eurotik gora bildu dituzte Legazpin
Horrelako emaitza onekin, amaitutzat eman dute Habanako William Soler ospitalera elektrizitatea eramateko kanpaina. Hainbat legazpiarrek martxan jarritako Legazpitik Argia Kubari egitasmoak egin du diru bilketa.
Legazpitik Argia Kubari egitasmoa martxan jarri duten legazpiarretako batzuk, joan den larunbatean ospatutako jaialdian. Legazpiko herritar talde batek martxan jarritako Legazpitik Argia Kubari egitasmoak 12.332 euro bildu ditu Habanako William Soler ospitale pediatrikora elektrizitatea eramateko. Diru bilketa kanpaina “arrakastatsua” izan da, eta amaitutzat eman dute, “Legazpik bere konpromiso internazionalista” erakutsi duela ikusita.
Kubako herriak duela hamarkada batzuetatik jasaten duen blokeoa azken hilabeteetan larriki gogortu dela azaldu dute. “Arazo oinarrizkoenak, hala nola edozein desplazamendu egitea, etxeetan elektrizitatea edukitzea edo ospitalean baldintza duinetan artatua izatea, kolokan daude Estatu Batuetako gobernuak hartutako erabakien ondorioz. Gizateriaren aurkako krimenen aurrean gaude eta blokeoaren amaiera exijitu nahi dugu eta Kubako herriak bere etorkizuna libreki erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugu”.
Egoera horren aurrean abiarazi zuten diru bilketa kanpaina Euskadi-Kubarekin lankidetzan, Habanako William Soler Ospitale Pediatriko Unibertsitarioa elektrifikatzeko. Bi hilabete pasatxoan 12.332 euro bildu dituzte, “Kubako milaka pertsonaren bizitza hobetzeko, batez ere haurrena”.
Kanpaina martxan jarri zutenek eskertu egin nahi dute Legazpik kanpaina humanitario honekin izan duen konpromisoa. Azaldu dutenez, merkatariek, ostalariek, kirol taldeek, “beti solidarioa” den Hotz Legazpik, Legazpitik kanpo jaiotako pertsonek eta Kubako komunitateko kideek babestu dute ekimena. “Besteen mina bere egiten dutenak elkartasunaren eredu dira”.
Aste honetan bertan emango diote dirua Euskadi-Cuba elkarteari, eta datozen hilabeteetan lanari helduko diote berriro, William Soler Unibertsitate Ospitale Pediatrikoari eta Kuban elektrifikatzen ari diren gainerako ospitaleei laguntzeko.













