Leka gorritzen hasi da
Uda aurrera doan heinean, geroz eta sagar gehiago dago aukeran, eta melokotoia iritsi da.
Santa Ana jaien ajeak bakarrik ez, euri faltak markatutako beste feria bat ere izan da gaurkoa, eta gertaera horri lotutako esamesak etengabeak izan dira goiz osoan zehar postu batean, bestean eta erosleen artean. Gaur entzundakoaren arabera, leka gutxi dago, kuiatxoak ere beste urteetan baino gutxiago, zerbak ez du ez aurrera ez atzera egiten, letxugen hosto puntak erretzen ari dira, sagarrak erortzen hasi dira… Horrelakoak eragiten ari da aurtengo eguraldi beroak eta lehorrak.
Baina egoera kaxkarretan ere baratzak aurrera egiten badaki, eta produktu berriak sortzen dira astetik astera. Gaur horietako batzuk aurkeztu dituzte ferian, gehienak Itsasoko Maria Jesus Oriaren postuan. Leka gorria, esaterako. Orain arte leka zapal arrunta eta leka borobila zeuden salgai, eta hemendik aurrera, baita leka gorria ere, kiloa 8 euroan. Lehen esan den moduan, leka gutxi dago uda honetan, eta feriara eramaten den apurra azkar asko saltzen dute baserritarrek.
Tomatea, aldiz, ugariago dagoela esan daiteke, izan Jack, Robin edo urdina. Aretxabaleta motakoa ere badago aukeran, Natalaia Magallanesen eta Iñaki Intxaustiren postuetan, baita gerezi tomatea ere. Bidaniarrak ale txikiagoak zituen, eta gorriekin batera, baita laranja kolorekoak ere; zeraindarraren gerezi tomateak handiagoak ziren.
Melokotoia eta sagarra
Fruta eskaintza ere zabaltzen doa. Ikusgarria da oraindik Altzagako Arantxa Lopetegik mota desberdinetako aranez beteta azken asteetan erakusten duen postua, eta gaur, ondoan, Maria Jesus Oria melokotoiak ere izan ditu salgai, kiloa 2,5 euroan.
Baina sagarrak ere badaude aukeran, klase bat baino gehiagokoak. Momentuz Jose Antonio Elosegik eta Oriak berak dituzte, biek sagar gorriak, baina kolore eta zapore diferentetakoak, eta kiloa 2,5 eta 3,5 euro artean dute. Ondo bidean, laster beste sagar saltzaile bat ere hasiko da, Errezilgo Simon Aizpuru.
Perretxikoen eskaintza, ohi bezala, Lasak eta Barcinak dituzten postuetan bildu da, eta hauxe izan da: 55 kilo onddo (25-32 euroan kiloa), eta 30 kilo ziza hori (22-28 euro).
Mantzanilla edo kamamila ere aipatu behar da, bertakoa. Aspaldian ez da ikusi ferian, baina sendabelar hau itzuli da. Plastikozko ontzietan sartuta zuten salgai, 50 gramo 6 euroan.

















