San Inazio auzoan jaien hasierako suziria botatzeko prest daude
Ostegunetik larunbatera bitartean ospatuko dira aurtengo jaiak. Berritasunen artean, ostiral eguerdian ospatuko den Munduko Arrozen festa dago.
LEGA Legazpiko Gazteak, TxoEsna txosna elkarteak eta auzotarrek osatutako jai batzordearen ekimenez, bihar hasi eta larunbat iluntzera arte ospatuko dira aurten San Inazio auzoko festak. Goiko eta beheko txosna izango dira festa gune nagusiak, eta egitaraua, berritasun gutxi batzuk kenduta, ohikoa.
Bihar 19:00etan botako dute suziria, eta larunbat iluntzean amaituko dira jaiak. Tarte horretan, musika, kirola eta jatekoa ez dira faltako.
Xarma bereziko jaiak
Antolaketa taldeko Ainhoa Gabilondok adierazi duenez, «gogoarekin» daude auzoan jaiak hasteko, lan asko egin dutelako eta emaitzak ikusi nahi dituztelako. Buskabaso auzo elkartearen lankidetza nabarmendu du, «oso aktibo dago, eta gauza desberdinak egingo dira». Hala ere, «San Inazioko jaiek beti izan duten xarma hori mantenduko dugu, guretzat oso garrantzitsua da bide horretatik jarraitzea. Jaiak bereziak dira guretzat, gure betiko auzoa da, eta txikitatik izan dugu auzoarekiko atxikimendu hori».
Eta jaiak «bereziak» dira, «tabernarik ez dagoen arren, sortzen den giroa aparta delako, ekartzen dugun musika estiloa asko zaintzen dugulako, adin guztietako herritarrentzako ekintzak daudelako… eta aurten, munduko arrozen festarekin gainera, auzoko jende berria erakarriko dugulako».
Gabilondok gogora ekarri du oporren aurreko Legazpiko azken festak direla, eta animatu egin ditu herritarrak hurbiltzera. «Ilusio handiarekin sortu ditugun festak dira, denentzako pentsatuta daude, eta denetik izango dute, baita afaltzeko aukera ere, Perurenaren janari furgonetarekin».
Munduko arrozak
San Inazioko Buskabaso elkarteak auzoko jai batzordearekin lankidetzan antolatu duen Munduko Arrozak festa izango da aurtengo berritasun nagusia. Etzi, San Inazio egunean bertan ospatuko da, herriko hainbat elkarte eta eragileren partaidetzarekin.
Kulturartekotasuna eta elkarbizitza bultzatzea da festaren helburua. Antolatzaileek azaldu dutenez, «bazkari bat antolatzen da eta herrialde ezberdinetako errezetekin kozinatzen dira arrozak, gero elkarrekin partekatzeko». Arrozak partekatzea elkar ezagutzeko aitzakia bat da, «kalean elkartzeko eta gure auzoaren aniztasuna ikus arazteko». Era berean, festa hau «aldarri bat» da , «gure auzoak eta ingurua gehiago zaintzeko aldarria, bai instituzioetatik baita auzolanetik ere».
Biharko festa «auzotik harago» doa, Legazpiko hainbat eragile eta denda dituelako laguntzaile: Mundutik Legazpira, Taupada, Buztintegi, Lekanazpi, Olamendi Eskola, Amelar fruta eta barazki denda, Laubide Jatetxea, Obena harategia, Perez de Arenaza kontserbak eta Sustrai fruta denda. Arroza prestatutako duten herrialdeak, berriz, hauek dira: Peru, Nikaragua, Nigeria, Kosta Rika, Pakistan, Kuba, Senegal eta Euskal Herria.
Eguerdian hasiko dira arrozak presatzeko lanak, eta edari bereziak banatuko dituzte bitartean, doan. 14:00etatik aurrera banatuko duten arroza ere doakoa izango da, baina nahi duenak borondatea emateko aukera izango du, herrian sortu berriak diren Taupada eta Mundutik Legazpira elkarteentzat. Arrozak prestatzen ari diren bitartean, haurrentzako ludoteka egongo da, baita jolas kooperatiboen saioa ere, anti-arrazakeria ardatz hartuta. Sorpresak izango direla ere iragarri dute antolatzaileek.
EGITARAUA
Osteguna, hilak 30
- 19:00. Txupinazoa, Txorizo pintxoak eta Buruhandiak.
- 20:00. Patata tortilla lehiaketa.
- 23:00. Kontzertuak: – Goiko txosnan: Eztanda erromeria/ DJ Izaro & Marina. – Beheko txosnan: Antogona, Gezurra eta Txegeganda.
Ostirala, hilak 31
- 09:00. Goiz Deia Txistulariak.
- 12:00. Luntxa Muruazpi Elkartean.
- 14:00. Munduko Arrozak bazkaria.
- 17:00. Eufemiano Iturri mendi lasterketa.
- 19:00. Inperialismoen aurkako elkartasun argazkia.
- 23:00. Kontzertuak: – Goiko txosnan: Mugi Panderoa, DJ Maikiño. – Beheko txosnan: Geminiss la banda, Chulería Joder, El exterminio de la raza del mono.
Larunbata, abuztuak 1
- 07:00. Gaupaseroen argazkia Muruko aldapan.
- 16:00. Mus txapelketa Muruazpi elkartean.
- 18:00. Herri kirolak: bi talde giza proban eta ohiko kiroletan lehian.













