Josu Mujikari biktima aitortza egin dio Espainiako Gobernuak
Gaur 51 urte betetzen dira legazpiarra Madrilen poliziek tiroz hil zutela. GEBehatokiak ekitaldi bat egin du, familiari aitortza agiria entregatzeko. Rogelio Botanz abeslariak Mujikari eskainitako kanta bat abestu du.
Josu Mujika Aiestaran legazpiarrak Espainiako Gobernuaren biktima aitortza jaso du, bere hilketaren 51. urteurrena betetzeko bezperetan (gaur dira 51 urte Madrilen hil zutela). Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak (GEBehatokiak) ekitaldi bat egin du, aitortza hori irudikatzen duen agiria familiari entregatzeko. Ekitaldian Rogelio Botanz abeslariak ere parte hartu du, Mujikaren omenez sortutako La cancion del triste final abestia interpretatuz.
GEBehatokiaren ordezkari Agus Herranek gogoratu duenez, Josu Mujikak «exekuzio estra-judiziala jasan zuen Madrilen, poliziaren tiroen ondorioz». Operazio hartan Mikel Lejarza infiltratutako agenteren partaidetza egiaztatuta zegoela ere adierazi du. Lejarza Defentsako Goi Mailako Ikasketa Estrategikoen Zentroko kidea zen, ETAko kideen aurrean Gorka, eta Espainiako Zerbitzu Sekretuetako kideen aurrean El Lobo izengoitia zuena.
Horren guztiaren aurrean, Espainiako Gobernuak Aitorpen eta erreparazio pertsonalaren adierazpena egin du, Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legearen esparruan. Bertan «legez kanpokotzat eta ilegitimotzat» jotzen du Mujika epaitu zuen auzitegia, eta «ilegitimotzat eta baliogabetzat kondena, eta zehapen edo ebazpen judizial zein administratiboak».
Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko giza eskubideen urraketen biktima gisa aitortu zuen lehenago Mujika gertaera horiengatik.
Aurrerapenak kasuan
GEBehatokiak Josu Mujikaren kasuaren inguruan egindako aurrerapenak ere jakinarazi ditu Herranek. Hala, Legazpiko gaztea hil zuen polizia identifikatu dutela esan du. ‘Comisario Daniel Abad’ ezizenaren atzean ezkutatzen den Jorge Cabezasek idatzitako Yo mate a un etarra liburuan identifikatu dute hiltzailea, «eta, dagokionean, bere datuak emango zaizkio instrukzio-epaileari».
Gainera, operatiboan erantzukizunak izan zituzten lau agintari ere identifikatu dituzte. Horietako bat, Juan Valverde Diaz Artilleriako komandantea zen, eta aldi berean, Inteligentzia Zerbitzuetako (CESED) burua. Bigarrena Federico Quintero Morente zen, Madrilgo bere buruzagi nagusia, eta garai hartan armadako teniente koronela zen. Carlos Anechina Checa zen beste bat, Madrilgo Informazioko Goi Burua, eta ondoren, Bilbon, 1980ra arte kargu bera izan zuena. Laugarren agintaria Jose Garcia Valiño zen, Madrilgo Informazio Brigadako komisarioa, eta operatiboan zuzenean parte hartu zuten zortzi ikuskatzaileetako bat.
Egia judiziala lortzeko «bide bihurria»
«Egia sozialaren jabe ziren Estatuaren biktimak, egia instituzionala eskuratzen ari dira, lege desberdinek emandako aitorpenen bidez», azaldu du Behatokiaren ordezkariak, «beste gauza bat da egia judizialerako eskubidea lortzeko bide bihurria».
Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legeak eskubide hori aitortzen du, eta gizateriaren aurkako krimen gisa aitortzen ditu, eta, beraz, preskribaezinak eta ez-amnistiagarriak dira. Baina epaitegiak «entzungor» daude, eta «Amnistiari buruzko 46/1977 Lege aurre-konstituzionalera makurtuta, kereilak eta errekurtsoak ez dituzte onartzen, ikerketa eta, hala badagokio, kriminal frankistei epaiketa ukatzeko».
Testuinguru negatibo honetan epaileek auziak tramitera onartzea «positiboa» da, eta Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak edo Espainiako Gobernuak abian jarritako aintzatespen eta erreparazio mekanismoen «garrantzia azpimarratu» behar da, baina «ezin diote justizia-eskaerari erantzun, horretarako eskumenik ez dutelako». Eta hurrengo «urrats logikoa» da justizia penalaren aurrean salaketa jartzea, «baina hori ez da inoiz gertatzen».
Josu Mujika legazpiarraren kasuak, bestalde, «agerian uzten du asimetria nabari bat», giza eskubideen urraketen biktimek dituzten eskubideak «egileen jatorriaren arabera tratatzen direlako». Alde batetik, ETAren biktimei egia eta erreparazioa lortzeko eskura dituzten mekanismoak eskaintzen dizkiete, eta Estatuak zigor sistema aplikatzen du. Bestetik, Estatuaren biktimei dagokienez, «egiaztatu dugu ez dutela argitu gabeko kasuen ikerketa judizialerako inolako mekanismorik izan, eta, ondorioz, benetako eskubideak ukatu zaizkie».
Berdintasuna «era batekoa» izan beharko litzateke «motibazio politikoko giza eskubideen urraketen biktima eta egile ororentzat, baina datuek erakusten dute ez dela berdin gertatu zeinu bateko eta besteko erasotzaileen aurrean.
«Estatuaren biktimak ez ditu mugitzen justizia zigortzaileak, ez diolako bizikidetzari ekarpenik egiten, baina hori ez da oztopo izango zigor arloko justiziak egia judiziala eta justizia emateko dituen bideak jorratzeko».














