PSE-EErentzat "onartezina" da udalbatzak onartutako beka euskaraz izatea
Hizkuntzan jarri dute arreta, baina diotenez ez dute euskara zalantzan jarri eta salatzen dutena "euskara baztertze-elementu gisa erabiltzea" da.
Beasaingo udalbatzaren osoko bilkura uztailaren 23an.Beasaingo Udala Beasaingo udalbatzak herriko emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko beka onartu du azkeneko osoko bilkuran, uztailekoan. Horren harira, Beasaingo PSE-EEk “onartezintzat” jo du beka euskaraz izatea hedabideetara helarazitako ohar baten bidez.
Taldearen esanetan, “gizartearen zati handi bat kanpoan” uzten du ekimenak euskara lehenesteagatik: “Sozialistek guztiz bat egiten dute deialdiaren helburuarekin, Beasaingo emakumeek udalerriko lan, gizarte, ekonomia, politika eta kultura bizitzarako egindako ekarpenak dokumentatzeko eta balioesteko. Hala ere, uste dute oinarriek muga bat dutela, funts publikoekin ordaindutako edozein ekimenek izan beharko lukeen berdintasun-printzipioaren aurkakoa”, esan dute ordezkariek oharrean.
Hizkuntzan jarri dute arreta, baina diotenez ez dute euskara zalantzan jarri eta salatzen dutena “euskara baztertze-elementu gisa erabiltzea” da: “Proiektu bat bizilagun guztien diruarekin finantzatzen denean, haren edukia denentzat izan behar du eskuragarri, baita gaztelania ohiko hizkuntza dutenentzat ere”.
Beka jaso ahal izateko 18 urtetik gora izan beharra eta unibertsitateko ikasketa izan beharra ere jarri dute zalantzan. Baldintza horiek “ez dira beharrezkoak” udal talde sozialistaren ustez: “Ikasketa espezifikorik behar ez denez, ez dago arrazoirik gainerako goi-mailako titulazioak, hala nola goi-mailako lanbide-heziketako titulazioak, ez onartzeko”.












