Arroza, Legazpira kanpotik etorritako herritarrak ezagutzeko bitartekoa
Munduko arrozen festa ospatu da gaur eguerdian San Ignazio auzoan, eta jatorri desberdinetako herritarren topaleku bihurtu da. Zortzi herrialde elkartu dira, eta makina bat arroz mota prestatu dituzte.
Munduko arrozen festan, Peruko ordezkariak.Tere Madinabeitia Gaur eguerdian San Ignazio jaien barruan auzo horretan ospatu den munduko arrozen festak, Legazpin bizi diren jatorri ezberdinetako herritarrak elkartu ditu. Arroza aitzakia hartuta, elkarbizitza izan da festaren lerro nagusia.
Zortzi herrialde desberdinetako ordezkariak elkartu dira, eta guztien artean makina bat arroz plater prestatu eta eman dituzte dastatzera. Auzoak Bizirik mugimenduaren bultzadaz berpiztu den Buskabaso elkarteak eta San Ignazioko jai batzordeak antolatu duten festa izan da, oso arrakastatsua. Mundutik Legazpira eta Taupada elkarteek ere lagundu dute antolaketan eta festan bertan ere bai, eta Buztintegi eta Gizarte Zentroko taberna, Lekanazpi elkartea, Olamendi Eskola, Amelar fruta eta barazki denda, Laubide jatetxea, Obena harategia, Perez de Arenaza kontserbak eta Sustrai fruta denda izan dira babesleak.
Eta arrozaz gain, Legazpin bizi diren kulturen arteko topaketa honek izan ditu osagai gehiago: Haritz Artzelusek prestatutako mojitoak eta beste edariak batetik, eta haurrentzako jarduerak eta Txirbil elkartearen egur taillaren erakustaldia bestetik.
Zortzi herrialde
Zortzi postu desberdinetan kokatuta, Legazpin bizi diren jatorri ezberdinetako beste hainbeste ordezkari izan dira arroza prestatzen eta banatzen. Peru, Nikaragua, Nigeria, Kosta Rica, Pakistan, Kuba, Senegal eta Euskal Herria izan dira festa honetako partaideak. Batzuek etxetik ekarri dute eginda arroza, beste batzuek bertan prestatu dute, jendaurrean.
Arroza bertan prestatu dutenen artean Euskal Herrikoak izan dira, Lekanazpi elkarteko kideek ordezkatuta. Barazki paella prestatu dute, eta egin berria banatu eta di-da batean agortu zaie.
Beste postuetako arrozak ere azkar amaitu dira. Kubakoek Moros y cristianos deituriko platera prestatu dute, arroz zuria eta babarrun beltzak nahastuta. Costa Ricako postuan arroz mistoa zegoen dastatzeko, eta Perukoan, arroza oilaskoarekin. Ondoan zeuden Nikaraguako ordezkariek valentziar erara prestatu dute arroza batetik, eta Gallopinto izenarekin beste bat. Nigeriakoek, berriz, arroz frijitua eskaini dute, Senegalekoek arroza saltsan haragi eta barazkiekin, eta Pakistangoek, Biryani arroza eta arroz gozoa.
Usain eta zapore nahasketa bikaina lortu dute guztien artean San Ignazio auzoko goiko karpan.












