Piperrei iritsi zaie gorritzeko garaia
Piper morro eta italiar gorriak jarri dituzte salgai Patxi eta Iker Arizmendi aita-semeek. Urteko lehen hurrak ere iritsi dira feriara.
Abuztuko lehen feriak, ohiko produktu eskaintzarekin eta berritasunen bat edo besterekin batera, euria ere ekarri du. Goizeko lehen orduetan giro freskoa eta bustia izan da nagusi Ordiziako erdigunean, eta aspaldian ikusten ez ziren aterkiak hartuta ibili behar izan da jendea. Baina gehienak euri gogoz zeudenez, gustura hartu dute eguraldi aldaketa, bihar gehiago botako duenaren itxaropenarekin gainera.
Euriaz gain, opor giroa ere nabaria izan da gaurko ferian. Postu batzuk falta ziren, saltzaileek ere atsedena hartzeko eskubidea dutelako, eta erosleen artean ere beste patxada bat sumatzen zen. Kanpotarrak ere ikusi dira Plaza Nagusian postuz postu, eta inguruko kale eta tabernatan.
Feriak, hala ere, ohiko martxa izan du, eta berritasunak ere aurkeztu ditu, piper gorriak bezala. Gaur Iker semearen laguntza izan duen Patxi Arizmendiren postuan ikusi dira denboraldiko lehen piper gorriak, italiarrak eta morroak, eta 4,5 euroan izan ditu salgai.
Hurrak ere ikusi dira, urteko lehenak, Miren Jauregi eta Jaione Irazustaren postuan. Aurten lehenago heldu direla eta beste urte batzuetan baino gutxiago izango direla esan dute ama-alabek. Kiloa 8 euroan jarri dute salgai, baina kilo erdiko poltsetan eskaini dituzte.
Lekak, berriz, ugaritzen hasita daude, eta ohiko zapalekin batera, gorriak eta borobilak ere badaude aukeran. Alberjinia edo berenjena ere, ugari dago, eta Jokin eta Iñaki Intxaustiren postuan, tamaina handikoak ikusi dira gaur, kilotik gertukoak batzuk. Datorren astean handiagoak izango dituztela salgai ere aurreratu dute.
Loreen atala ere aipatu behar da, uda aurrera doalako, eta eskaintza aldatzen hasita dagoelako. Gaur Pako Azanza zegoen lore postuaren karguan, eta azaldu duenez, geranioak, surfiniak, petuniak eta jazminak ez ditu dagoeneko, eta begonia, krabeliña edo Gineako alegria azken txanpan sartuta daude. Laster hasiko da udazkenari begirako eskaintzarekin.
Perretxikoak, gaur ere ez dituzte asko eskaini. Lasaren eta Barcinaren postuen artean 50 kilo onddo izan dira salgai, kiloa 20 eta 32 euro artean, eta 23 kilo ziza hori ere bai, 19 eta 26 euro artean kiloa. Lasaren postuan, bi perretxiko motak nahastuta eskaini dituzte, 300 gramo inguruko ontzietan prestatuta, 10 euroan. Barcinak boilurrak ere bazituen, unitatea 5, 10, 15 edo 20 euroan, tamainaren arabera.
Zuhaiztiko fruta sailtzaileen artean ere izan dira hutsuneak gaur oporren kontura. Hala ere, izan da fruta erosteko aukera, eta horren barruan, baita produktu berri bat ere, moskatel mahatsa. Kiloa 4,5 eta 5,9 euro artean eskaini dute. Garnatxa ere bazuten, beltza, kiloa 3,95 euroan.
















