'Burdinaren arkitektura eta burdina arkitekturan' erakusketa dago ikusgai Legazpin
Euskal Burdinaren museoan ikusi daiteke Lenbur Fundazioaren eskutik, irailaren 13ra arte. Lenburrek eskaintza gehiago ere badu abuzturako.
Lenbur Fundazioaren eskutik, Burdinaren arkitektura eta burdina arkitekturan izeneko erakusketa dago ikusgai irailaren 13ra arte Mirandaola parke ondoko Euskal Burdinaren Museoan.
Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen barruan kokatzen den erakusketak Andorra, Katalunia, Euskadi, Ariege eta Akitaniako burdin ondareari buruzko 12 argazki artistiko biltzen ditu. Erakusketa 10:30etik 13:30era dago zabalik, eta sarrera doakoa da.
Bisitak eta jarduerak abuztuan
Lenburrek eskaintza zabalagoa du abuzturako, eta hainbat bisita eta jarduera antolatu ditu hilabete honetarako.
Horrela, abuztuaren 28an, 12:00etan, Txillida Lantoki eta Fabrika museoetan bisita gidatua egin ahal izango da. Batetik, Eduardo Txillida eskultorearen eskutik artearen eta industriaren arteko harremana ezagutzeko aukera izango da, eta bestetik, Fabrikan industrializazioak Euskal Herrian izan zuen eragina bertatik ikusi ahal izango da.
Abuztuaren 30ean, 11:00etan, haurrei zuzendutako Ezpataren Misterioa tailerra egingo da Mirandaolan. Ondoren, 11:30ean eta 12:30ean, Mirandaolako Burdinola berriro martxan jarriko da mantentze-lanen ondoren. XVI. mendeko burdin ekoizpenaren erakustaldi ikusgarria izango da, eta amaieran, ola-pintxoa dastatzeko aukera izango da.
Jarduera hauetan parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea mirandaola@lenbur.com helbidean edo 943 73 04 28 telefono zenbakian.













